Zu 'ondo', baina ondokoa?

Erabiltzailearen aurpegia Naia Aizpurua 2026ko otsailaren 6a

Despolitizazioa ez da kasualitatea, ezta belaunaldi baten axolagabekeriaren ondorio hutsa ere. Sistema honek urteak daramatza amorrua desaktibatzen, kolektiboa ahultzen eta konformismoa normalizatzen.

Gure inguruan argi ikusten da: gazteon bizi-baldintzak okertzen ari dira, baina badirudi ezerk ez gaituela interpelatzen.

Indibidualismoa gero eta zabalduago dago. Norberaren bizitza, itxuraz, behintzat, egonkorra bada, zertarako begiratu ingurura? Zer axola du bizilaguna etxegabetzen badute? Zer axola lagun batek alokairua ordaindu ezinik jarraitzen badu, edo emantzipatzeko aukerarik ez badu? Zer axola du lan-baldintza prekarioak normalizatu badira edo aisialdia gero eta garestiagoa bada?

Logika horrek bakoitza bere burbuilan uzten du, inguruan gertatzen denari muzin eginez. Sistema honek ez du salbuespenik; ezer egiten ez dugun bitartean, bizi-baldintzak okertzen ari dira, eta ondorioak gero eta larriagoak dira.

Horren aurrean, konformismoari aurre egitea eta indibidualismoa apurtzea premiazkoa da. Kaleak berreskuratu, ondokoa interpelatu, sare kolektiboak ehundu eta borrokari forma eman behar diogu, antolakuntzarik gabe zapalkuntzak irabazten jarraitzen baitu.

Oraina zer da, ez baldin bada etorkizun bat borrokan?