Badator gaztetxeen loraldia

Erabiltzailearen aurpegia Naia Aizpurua 2026ko maiatzaren 22a

Iratzargailuak jo du, goizeko zazpiak. Mugikorra hartu, Instagram ireki, eta hor berriz ere: desalojo bat. Beste gaztetxe bat kanpora. Kargak, identifikazioak, oihuak. Eta gosaria prestatu aurretik jada haserre. Azkenaldian horrela hasten dira egun gehiegi.

Gero lanera. Edo klasera. Edo biak batera, gazte askok bezala. Aste osoa korrika, lanpetuta. Askok alokairu ezinei eusten eta aisialdia ere ordaindu behar den mundu honetan bizirauten. Eta bitartean, beste gaztetxe baten desalojoa, eta amorrua, amorrua badakidalako gaztetxe bat ez dela espazio soil bat. Badakidalako aste osoa itota pasa ondoren, gazte askok bertan aurkitzen dugula arnasgunea. Beste modu batean bizitzeko aukera bat, behintzat.

Horregatik nazkatzen gaituzte hainbeste gaztetxeak kriminalizatzen dituzten diskurtsoek. Kanpotik erraza delako epaitzea, baina barrutik bizi ditugunok badakigu zer diren benetan: babeslekuak eta antolatzeko espazioak.

Izan ere, bide horretan datoz maiatzaren 29an eta 30ean Elorrion egingo diren Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak, iluntasunari argia emateko. Gazteok argi daukagu: herritik eta eskualdetik elkar ikusi, saretu eta norabide berean goazela gogorarazi.

Badatoz, bagoaz!