Ez begiratu beste aldera

Erabiltzailearen aurpegia Naia Aizpurua 2026ko uztailaren 4a

Uda iristearekin batera, gure eskualdeko herriak jai giroan murgiltzen dira. Zapiak lepoan, txosna muntaketa, kuadrilla arteko bazkariak… eta urte osoan zehar espero izan ditugun egunak iristen dira. Gure eskualdean, gainera, uda herriz herriko jaien sinonimoa da.

Baina jai giroarekin batera beste errealitate bat ere itzultzen da urtero; eraso matxistak, adibidez. Eraso hauek ez dira jaietako ezustekoak; gure gizartean errotuta dagoen indarkeriaren adierazpen gordinak dira. Izan ere, sarritan alkohola aitzakia bihurtzen da eta erasotzaileen erantzukizuna ezkutatzen du.

Galdera ez da soilik zer egin eraso bat gertatzen denean. Galdera da zein jarrera hartzen dugun erasotzailea gure kuadrillakoa edo gure gertukoa denean. Isilik geratzen gara? Beste aldera begiratzen dugu?

Horregatik, ez da nahikoa erasoak gaitzestea. Aurrea hartzea dagokigu, elkar babesteko tresnak indartzea eta erantzun irmoak ematea. Jaiak benetan denonak izan daitezen, antolakuntza ezinbestekoa baita.

Indarkeria matxistaren aurka, antolatu!