Nik, garrantzirik gabeko eztabaida batengatik haserretzekoa ez naizena, nire aurpegirik serioena jantzi nuen eta galdetu nion: "Zein irizpideren arabera sailkatzen duzu herri bat eder edo itsusi gisa?" Eta, orduan, historiaz beteriko armarridun jauregiez mintzatu zen, etxeen dotoreziaz, kaleen trazadura garbi, ordenatu eta erregularraz, berdeguneen ugaritasunaz… Ez nuen gehiago entzun nahi izan. Bere hitzaldia eten eta neureari ekin nion.
Lehenik eta behin, bere azalpena laburbildu eta zalantzan jarri nuen: "Herri polita, aberatsen herria?" Eta jarraian, zerua ukitu nahi duten aldapen edertasuna defendatu nuen, tren-geltoki bihurgunetsuena, kale desordenatuena, sky-line ezinezkoena, ezagutzen den frontoirik herrikoiarena eta, batez ere, langile-arkitektura kaotikoarena. Horien guztien edertasunak defendatu nituen..