JendartEKIN egitasmoaren baitan maiatza eta ekainerako egitarau oparoa antolatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2026ko maiatzaren 12a

jendartEKIN, 55 urtetik gorako pertsonek esperientziak trukatu eta ezagutza berriak eskuratzeko proiektuaren baitan, ekintza ugari antolatu dituzte maiatza eta ekainerako. Horietako hainbat beste eragile batzuekin elkarlanean.

jendartEKIN proiektua bizialdi osoko ikaskuntza jarduteko ideian eta berdinen arteko formazioan oinarritzen da. Parte hartzeko bideak bultzatzea eta ezagutza, kultura, balioak, gaurkotasuneko gaiak eta abar eskuratzea eta transmititzea ditu helburu, betiere belaunaldi arteko harremanak sustatuz. 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, haien esperientzia eta ezagutza trukea errazteko. Nolanahi ere, parte hartzeko interesa duen orori irekia dago.

Maiatza eta ekainerako egitarau oparoa martxan

Maiatzaren hasieratik, Nagusien Kontseiluarekin batera, Aurretiazko borondateei buruzko tailerraren lehenbiziko martxan dago. Plaza guztiak bete direnez, ekainerako bigarren txanda bat antolatu dute eta hau ere dagoeneko beteta dago. Arrakasta ikusirik; datorren ikasturtera begira beste bat egiteko asmoa adierazi dute.

Horrez gain, ikasturte osoan zehar teknologia berrien inguruko tailer praktikoa izan dute martxan Niko Morillo egitasmoko kide den herritarraren eskutik. Maiatzaren 6an egin zuten, ikasturte honetako azkena. 

Aste honetan, maiatzaren 13an, Soraluzeko Institutuarekin martxan dagoen elkarlan aktiboaren baitan, Miren Agur Meabek bere liburuaren “Urtebete itsasargian” inguruko hitzaldia eskainiko die JendartEKIN-eko parte hartzaileei eta Soraluzeko DBH 4. mailako ikasleei. Ikasturte honetan, DBHko ikasleek prestaturiko museo historikoan ere parte hartu dute JendartEKIN-eko kideek; adostutako elkarlan bizi honen baitan.

Maiatzeko egitarauarekin bukatzeko, hilaren 27an, udal liburutegiarekin elkarlanean Online katalogoa erabiltzeko tailerra eskainiko die parte hartzaileei. 

Ekainean berriz, ikasturteari amaiera emanez, bi irteera berezi egingo dituzte. Ikasturtean zehar Iñigo Alberdi Amasorrain (Soraluze 1973) Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia den herrikidearekin egindako hitzaldiari jarraiki, ekainaren 4an, “Pacho Paquitoren musika jotzen” emanaldia ikustera joango dira Bilbora.

Ikasturteari amaiera borobila emateko, Hendaiako Abadiako Gaztelura joango dira bisita gidatua egitera. 

 

Izen-emateak irekita jarraitzen du

2025-2026 ikasturtean zehar 25 pertsona ari dira iraunkoki jendartEKIN proiektuan parte hartzen. Hala ere, izen emateak irekita jarraitzen du.  Ikasturte osoko kuota 50€koa bada ere, bi hilabete hauetarako izena eman nahi duenari kuota egokituko zaio.

Izena emateko bi bide daude:

  • Online, ondorengo galdetegia betez: izen-ematea
  • Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.