Soraluze BHIko azoka solidarioaren proiektuaren balorazioa aurkeztu da Udalbatzarrean, Eskola Agenda 2030 ekimenaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2026ko maiatzaren 20a

Aurreko ostiralean, Soraluzen egindako azken Udalbatzarrean, Soraluze BHIko ikasleek Udalarekin eta Debegesarekin, Debabarreneko Garapen Agentziarekin, elkarlanean garatutako azoka solidarioaren proiektuaren aurkezpena eta balorazioa egin zen, Eskola Agenda 2030 programaren barruan.

Abenduan Plaza Zaharrean gauzatutako azoka solidarioak kontsumo arduratsua, berrerabilpena eta ekonomia zirkularra sustatzea izan zuen helburu, eta herritarren parte-hartze zabala jaso zuen.

Udalbatzarrean ikastetxeak eta antolatzaileek proiektuaren garapena, lortutako emaitzak eta ondorio nagusiak azaldu dituzte. Bereziki azpimarratu da ekimenak izan duen eragin positiboa komunitatean, bai ingurumen-hezkuntzaren ikuspegitik, bai herritarren inplikazioaren aldetik.

Udalak balorazio positiboa egin du aurkeztutako emaitzen inguruan, nabarmenduz hezkuntza-komunitatearen, Udalaren eta Debegesaren arteko lankidetzak ekarpen esanguratsua egiten diola tokiko jasangarritasunaren sustapenari.

Halaber, adierazi da ekimen honek Agenda 2030aren helburuekin bat egiten duela, eta gazteen parte-hartze aktiboa funtsezkoa dela kontsumo ohitura arduratsuagoak eta ingurumenarekiko konpromisoa indartzeko.

Udalak berretsi du antzeko proiektuak etorkizunean ere sustatzen jarraitzeko konpromisoa.

Eskola Agenda 2030 Debabarrenean

Debegesak, Debabarreneko garapen agentziak, hogei urte daramatza eskualdeko udalekin elkarlanean Eskolako 2030 Agenda proiektua bultzatzen eta koordinatzen. 2030 Eskola Agenda garapen jasangarrirako hezkuntza-programa bat da, eskola-komunitateari zuzendua. Proiektuak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen- eta gizarte-jardunbide egokien eredu bihurtzea.

  • Ikasleak heztea, ingurumen- eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta konpontzeko gai izan daitezen.

  • Hezkuntza parte-hartzailea eta ingurumenarekiko errespetuzkoa bermatzea.