Joan den astelehenean, maiatzaren 18an, egin dituzte Haur eta Nerabeen Kontseiluen ikasturteko hirugarren eta azken bilerak; eguaztenean, berriz, Nagusien Kontseilua bildu da

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2026ko maiatzaren 22a

Haur eta Nerabeen Kontseiluak joan den astelehenean, maiatzaren 18an, bildu dira ikasturteko hirugarren eta azken bilera-saioak egiteko; kontsultarako organoak dira eta herriko ume eta gaztetxoen ikuspuntua politika publikoetan txertatzea dute xede.

Haur eta Nerabeen kontseiluak laugarren ikasturtez martxan dira, haur eta gaztetxoen parte-hartzea bultzatzea dute helburu eta herriaren kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko beraien ikuspegia lantzen da bertan. 

Ekimena herriko ikastetxeekin eta guraso elkarteekin elkarlanean lantzen dihardu Soraluzeko Udaleko Hezkuntza Departamentuak.

Osaketa eta funtzionamendua

Kontseiluen helburua herriko haur eta gaztetxoei beraien iritzia eskatzea da eta eragiten dien guztian parte hartzeko duten eskubidea bermatzea. Kolektibo hauek zer pentsatzen duten jakin nahi du Udalak, beraien proposamenak entzun eta beraien iritzia kontuan hartzeko.

Bi kontseilu daude: Haurrena (8-11 urte) eta nerabeena (12-16 urte). Kontseilu bakoitza 12 pertsona inguruz osatuta dago eta urtean hiru bider biltzen da, eskola orduetan. Kontseilukideak ikastetxean aukeratzen dira, bertan parte hartzeko borondatea agertzen duten ikasleen artetik.

Kontseiluetan, ume eta gaztetxoez gain, Alkateak, Haur eta Gazteen Saileko arduradun politikoak eta Udaleko Hezkuntza arduradunak parte hartzen dute, gaiaren araberako beste teknikari edo kide batzuekin batera.

Aurtengo kontseiluek emandakoa

  • Lehenengo kontseilua: ibaia hizpide

Abenduaren 15ean egin zen ikasturteko haur eta gazteen lehenengo kontseilua. Bertan, kontseiluaren azalpena eta udalaren osaketa azaltzearekin batera, ibaiaren inguruko lanketa eraman zuten aurrera. Udalak egiten diharduen ibaiaren plan integralerako haur eta gazteen iritziak eta proposamenak batu ziren.

  • Bigarren kontseilua: berdintasuna berbagai

Bigarren kontseilua martxoaren 4an egin zen. Bigarren kontseiluan, berdintasunaren inguruko lanketa egin zen eta udala lantzen ari den IV. Berdintasun Planari lotura zuzena egin zitzaion.

  • Hirugarren kontseilua: harrera planaren nondik norakoak

Azken kontseilua aste honetako astelehenean, maiatzaren 18an, egin da. Bertan, udala EMUN enpresarekin batera lantzen ari den harrera planaren inguruko hausnarketan jardun dute hauer eta gaztetxoek.

Udala eskertuta

Udalak bihotzez eskertu nahi du Kontseilua osatzen duten ikasleek zein beren gelakideek ikasturtean zehar egindako lana eta helarazitako proposamenak, zeinak oso-oso baliagarriak diren herria hobetu ahal izateko.

Nagusien Kontseilua eguaztenean

Eguatzenean, maiatzaren 20an, berriz, Nagusien Kontseilua batu zen hileroko bileran. Kontseiluaren hasieran, nagusien gidari errepaso bat eman zitzaion, batez ere ordenaren, formatuaren, koloreen, irudien… inguruko hausnarketan sakonduz.

Horrekin batera, kontseiluaren funtzionamendua jasotzeko protokolo edo araudi bat proposatu zuten kontseilukideek eta horren inguruan jardun zuten.

Bilerari amaiera emateko, hurrengo hilabeteetan Kontseiluan landu nahi diren gaien inguruan hitz egin zuten eta horrekin batera, urriaren 1ean izango den Nagusien Nazioarteko Egunaren inguruan egin daitezkeen ekintza proposamenak eztabaidatu zituzten.