Euskarazko irakurle taldeak ikasturteko azken saioa egingo du gaur arratsaldean, udal liburutegian, Miren Amuriza idazle berriztarraren Pleibak liburua hizpide hartuta. Amuriza bera izango da saioan hizlari, eta Ainhoa Aldazabalek gidatuko du solasaldia interesa duen herritar orori irekitako saioan.
Taldeko kideak bi hilabetean behin elkartzen dira, irailetik maiatzera bitarte, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko; guztira, euskaraz idatzitako zein euskarara itzulitako bost liburu irakurtzen dira. Ikasturtean birritan, gainera, aukeratutako liburuaren idazlea ere gonbidatzen dute saioetara, gaurkoan kasu.
Gaur gaurkoz, hogei lagun inguruk parte hartzen du euskarazko irakurle taldean; izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko udal liburutegiarekin harremanetan jarri behar da.
Gaurko hitzordua, herritar orori irekia
Ezer gertatu ez zenean gertatu zen guztia jasotzen du Miren Amuriza (Berriz, 1990) idazle eta bertsolariaren bigarren nobelak, egonezin primario bat, partekatua izan zen bide baten adarkatzea.Umezaroa elkarren itzalean zabuka igaro ostean, gaur da eguna kalean gurutzatu eta batak bestea ignoratzen dutena. Distantzia horrek sorrarazten dion amorrazio retroaktiboak sakatuta zuzentzen zaio Jone Pollyri; neskatotan, ahoak nola-hala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen zuen txaleteko bizilagunari.
Eguna: astelehena, maiatzak 25
Ordua: 19:00
Lekua: Udal liburutegia
Irakurle taldearen funtzionamendu egokia bermatzeko, udal liburutegia itxita egongo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekako atearen ondoan dagoen buzoia erabili daiteke; bestelako zerbitzurik, ordea, ez da emango.
Pleibaken unibertsoan domekan ere
Gaur arratsaldeko hitzorduaz gain domekan, maiatzaren 31n, ere egongo da Amurizaren Pleibaken unibertsoa ezagutzeko aukera bertSora bertso taldeak antolatutako bertso-saio literarioan. Ikasturte amaierako ekintza gisa programatu dute euskarazko irakurle taldearekin elkarlanean.
Domeka eguerdian Itxaropena tabernako terrazan eskainiko dute bertso-saio literarioa; Julio Soto eta Uxue Alberdi arituko dira bertsotan, Paule Bilbao 'Arima' musikaz girotzen eta Miren Amuriza gai-jartzaile.
