Aisialdiko Begirale ikastaroa antolatu dute Debabarreneko udalek datorren ikasturterako

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2026ko uztailaren 6a

Irailaren 18ra arte egongo da aukera Debabarreneko udalek antolatutako Aisialdiko Begirale ikastaroan izena emateko; 2025-2026 ikasturtean 36 gaztek parte hartu du ikastaroan.

Ikasturte honetan bi taldek parte hartu dute Gaztetxoak Eskolako teknikariek eman duten ikastaroan, eta, orain, ikasleak praktikak egiten ari dira han eta hemen. Guztira, 36 lagun izan dira ikastaroa bukatu dutenak: Eibartik 11, Mutrikutik 3, Mendarotik 5, Debatik 3, Elgoibartik 7 eta Soraluzetik beste 7.

Azken bi ikasturteetako arrakasta ikusita, 2026-2027 ikasturtean ere ikastaroa eskainiko dute Debabarreneko udalek, Gaztetxo Eskolarekin elkarlanean.

Ikastaroa euskaraz izango da, eta ikasleek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen denerako, hau da, 2027ko ekainaren 30erako. 

Ikastaroa bukatzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulu ofiziala eskuratuko dute.

Iraupena

Ikastaroaren atal teorikoa urritik maiatzera bitarte egingo da eta bi tutoretza saio ere izango dira. Atal teorikoak 150 orduko iraupena du eta era praktikoan gauzatuko da. Ikastaroak asteburu osoko hiru irteera izango ditu.

Praktikak boluntarioak izango dira eta 160 aisialdi-orduko iraupena izango dute.

Non eta noiz

  • Zapatutako saioak Debabarreneko bi herritan egingo dira, izen-ematearen arabera, 9:30etatik 18:30era; tartean ordu eta laurden izango dute ikasleek bazkaltzeko.
  • Asteburu osoko irteerak La Arboleda aterpetxean egingo dira zapatuko goizeko 10:00etatik domekako eguerdiko 15:00etara.

Prezioa

Ikastaroaren prezioa 300€ da, baina, Debabarrenean erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik: 150€.

Izen-ematea eta informazioa

Ikastaroaren izen-ematea zabalik dago dagoeneko, eta irailaren 18ra arte egin daiteke, online: izen-ematea.

Informazio gehiago behar izanez gero, euskara@elgoibar.eus helbidera idatzi edo 943 744 366 telefonora deitu daiteke.