Pasa den astean hasi zen Santiago eta Santa Ana jaietarako giroa berotzen programa etxez etxe banatuta; formatu digitalean ere zabaldu zen, lotura honetan ikusgai dena: Soraluzeko jaiak 2026.
Asteburu honetan ere jaigiroa izango da herrian; izan ere, Moto topaketa izango da zapatuan eta Soraluzeko arrozak kulturarteko topaketa domekan.
Gaurtik hasi eta datorren martitzenera bitarte, berriz, bideo laburrak argitaratuko dira udalaren webgunean eta sare sozialetan egun bakoitzeko egitarau guztiarekin. Horrela, herritarrek ekintza bakoitza hobeto irudikatu ahal izango dute.Hona lehenengo bideo laburra, uztailaren 23ko egitarauarekin:
Herri bazkariko tiketak Iratxon salgai
Tiketak erosteko azken eguna: uztailak 20, astelehena

Danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera
2024ko jaietan berreskuratu zen danborrada atzera ere, soraluzetar ugariren parte-hartzea duen herri ekimen handia; horrekin batera, danborrada udaletxetik ikusteko aukera ere izan da azken bi urteotan. Proposamen horrek izandako harrera ona ikusita, aurtengoan ere Danborrada Soraluzeko Udaletxeko balkoitik ikusteko aukera eman nahi zaie herritarrei. Horretarako, aurrez izena eman beharko da, eta bi bide daude horretarako:
- Aurrez aurre, udaletxeko harrera bulegoan, astelehenetik barixakura 9:00 - 14:00 bitartean.
- Online, ondorengo galdetegia beteta: danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko izen-ematea.
Uztailaren 21a izango da izena emateko azken eguna, eta toki baino izen-emate gehiago badaude, zozketa bidez aukeratuko dira parte-hartzaileak eta banaka abisatu.