Herri erdiguneko oinezkoen gunea kontrolatuko duen sistema berria datorren astelehenean, irailaren 7an, jarriko da martxan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Herri erdiguneko oinezkoen gunea kontrolatuko duen sistema berria datorren astelehenean, irailaren 7an, jarriko da martxan.

Uztaila amaieran egin zen Zubi Nagusian herriaren erdigunean ordutegi batzuetan oinezkoentzako bakarrik egokituko duen totemaren instalazioa. Ondorengo asteetan sistema berria probatu zuten beharginek eta seinalizazio bertikala ezarri oinezko gunerako sarbideetan. Astelehenean, irailaren 7an, jarriko da martxan.

Oinezkoen gunea zaintzeko sistema berriaren helburua da ezarritako eremu eta ordutegietan erdigunean ibilgailurik sartuko ez dela bermatzea. Hori horrela, Zubi Nagusia, Santa Ana kalea eta Kalebarreneko bidegurutzetik, udaletxe ingurutik igarotzen diren ibilgailuen matrikulak irakurriko ditu totemak, soilik oinezkoentzako egokitutako ordutegi barruan.

Erdigunea oinezkoentzako eremu bilakatuko den ordutegiak orain arteko izaten jarraituko du: astelehenetik barixakura, 15:00tatik goizaldeko 5:00tara; zapatutan, eguardiko 12:00etatik aurrera; domeka eta jaiegunetan, egun osoz.

Garai batean oinezkoentzako eremua zaintzeko erabiltzen ziren piboteek arazoak ematen zituztela jakitun, sistema berriaren aldeko apustua egin du Udalak piboteak ordezkatzeko. Halaber, behin-behinean oinezko eremuaren sarreretan ezarri ziren hesiak ere desagertu egingo dira aurrerantzean.

Zaintzarako sistema berria Nortrafic enpresak ezarri du eta 18.067,48€ko kostua izan du. Seinalizazio bertikal berriaz, ostera, Cinnia enpresa arduratu da eta 4.165,64€ko kostua izan du.

Aldaketak

Sistema berria martxan jartzearekin batera, Erregetxetik behera ezingo da ibilgailurik igaro, ez pasa seinalea jarriko da. Garai bateko neurria berreskuratzeko helburua Etxaburueta kaleko segurtasuna bermatzea izan da.

Oinezkoen eremuko bizilagunak

Oinezkoen gunean bizi diren bizilagunak oinezkoentzako egokitutako ordutegi barruan eremu horretatik igaro behar badira, udaltzaingora gerturatu beharko dira baimena eskatzera eta bertan aztertuko da eskaera kasuz kasu. Dena den, bizilagunek ez dute oinezkoen ordutegi barruan bertatik ibilgailuarekin pasatzeko baimenik izango bizilagun izate hutsagatik.