Mallabitarrek Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak dokumentala ikusteko aukera izango dute gaur frontoian, 18:00etan. Lan horrek seme edo alaba baten galeraren dolua azaltzen du aitaren begiradatik, eta aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu, lau gizonek lehen pertsonan kontatzen dituzten bizipenen bitartez.
Protagonistak honako hauek dira: Igor Aldazabal, Mikel Perez eta Mallabian bizi diren Fernando Alonso eta Anakotz Lasarte bera, eta bakoitzak egoera horri nola aurre egin dion azaltzen du dokumentalean, "gizarteak duen genero begirada apurtuz. Ama gutxietsi gabe aitei hitza emanez horrelako egoeren aurrean, esperantza mezu bat zabalduz", dokumentalaren aurkezpenean jasota dagoen bezala. Gainera, hainbat medikuren eta terapeutaren adierazpenak jasotzen ditu.
Anakotz Lasarte berriztarra bere bizipenetan oinarritu zen egitasmo horri forma emateko, eta zainketa aringarrietako mediku Iñaki Peñaren bitartez Aretxabaletako Arteman ekoiz-tetxearekin jarri zen harremanetan, proiektua aurrera eramateko asmoz. Lan asko egin ondoren, eta gastuei aurre egiteko crowdfunding kanpaina bati esker, aurten grabatu eta ekoiztu da Aitatxo.
Lasarteren hitzetan, dokumentalak bi helburu ditu: alde batetik, aitari eman nahi dio hitza; izan ere, salatzen du orain arte aitaren dolua "desautorizatuta" egon dela, eta terapeutek "arrazionala" dela esaten dutela. "Amarena, aldiz, dolu emozionala da, eta lan honen bitartez gure dolua esparru arrazionaletik emozionalera aldatu nahi dugu", azaldu zion Lasartek Eneritz Aranburu idazleari Drogetenitturri aldizkarian.
Bestalde, lan horren helburua ere bada doluan dauden familiei erakustea horrelako heriotza baten ondoren lortu daitekeela bizitza duina egitea eta bakean egotea. "Galera betiko da, baina bakea lortu daiteke", adierazi zuen berriztarrak.
Emanaldiak
Dokumentala Gasteizen estreinatu zuten, abenduaren 11n, eta hitzordu horrekin batera lanaren zabalkundeari ekin zioten. Hala, abenduaren 21ean Mallabian egongo da ikusgai, Zaparrada Elkarteak antolatua; urtarrilaren 30ean, Donostiako Aquariumean izango da; eta otsailaren 9an, Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean.
Bestalde, dokumentalean oinarritutako antzezlanaren gidoia ere prestatu du Lasartek, eta hura ikusteko aukera egongo da Ermua Antzokian urtarrilaren 16an, 20:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko Ermuko Lobiano Kulturgunean.