Prest-prest da Felipe Zelaieta Olentzeroa

Estibalitz González 2025eko abenduaren 23a

Jada aurtengo Gabonetarako gertatuta ditu mallabitarrak astoa, banatzeko opariak, gozokiak… Lagun mordoa bisitatu ditu basotik herrira bitarteko bere ibilbidean, bideoan ikusgai.

Urte mordoxka daramatza Gasteizen bizi den Felipe Zelaietak han-hemenka Olentzerori bizitza eta ahotsa ematen, ikazkinaren atorra, txapela eta abarkekin polito atonduta. Orain lau urte, lagun batek asto bat zuela, bideo bat egitea otu zitzaion. Harrezkeroztik urteroko zeregina bihurtu da grabazioarena, eta bateko eta besteko lagunak endredatuta aurrera atera dute aurten ere: txistulariak, trikitilariak, trontzalariak, dantzariak, abeslariak, irrintzilariak, txalapartariak eta Mari Domingi, zelan ez! Astoez gain artalde eder batek ere parte hartzen du eta grabazio zein edizio kontuak, Mikel Zelaieta semearen kargu egon dira.