Urtarriletik aurrera, hilean behin egingo dituzte Zapatuero ekimenarekin lotutako ekintzak, uztailean eta abuztuan izan ezik: otsailaren 21ean, martxoaren 21ean, apirilaren 18an, maiatzaren 16an, ekainaren 13an, irailaren 19an, urriaren 17an, azaroaren 21ean eta abenduaren 19an. Horietan guztietan askotariko jarduerak egingo dituzte –eskulanak, malabarrak, kultur eta kirol jarduerak...–, apirilean, ekainean, irailean eta abenduan izan ezik, saio horietan parte-hartzaileek irteerak egingo baitituzte.
Aisialdi eskaintzak
Mallabiko Udalak sustatutako egitasmo horretan herriko umeek eta gazteek daukate lehentasuna, eta haren helburua da gizarte kohesioa sustatu, euskararen erabilera indartu eta berdintasuna, inklusioa, sormena, osasuna, teknologiaren erabilera arduratsua eta halako balioak bultzatzea.
Arduradunek jakinarazi dutenez, ekimena ez da berria: "Duela urte batzuk ekin genion, baina bertan behera geratu zen. Iaz, berreskuratzea erabaki genuen, herrian dagoen aisialdi-eskaintza zabaldu ahal izateko, eta martxan egon zen maiatza eta abendua bitartean".
Iaz egindako irteeren artean, umeek Basondo fauna-babeslekura bisita egin zuten, Maruri Jatabeko Bitxos natura-eskola ezagutu zuten eta Gueñesko Bizkaia Park Abenturan egon ziren, askotariko kirol-ekintzez gozatzen. Gaztetxoak, aldiz, Getxora joan ziren, itsasoa garbitzera eta piraguan ibiltzera, airsoft esperientziaz gozatu zuten Larrabetzun eta Basauriko KNS Aventura Parken egon ziren.