Aratusteak-Inauteriak Debabarrenean

Mallabiko inauterietan, guztiak irabazle

Ander Gomez 2026ko otsailaren 21a

Hamar egunez luzatu dira aurtengo aratusteak, eta mozorro desberdinak soinean, euren originaltasuna erakusteko parada izan dute mallabitarrek. Eguraldia ez dute lagun izan, eta pilotalekuan egin dira ekintza gehienak; baina, aldi berean, herritarrak elkarrengana are gehiago hurbiltzea ahalbidetu du horrek, eta festa giro betean eta lehia dibertigarrietan murgilduta eman dituzte egun guzti hauek.

Barruan, txapelketa eta lehiaketetako irabazleak. Argazkiak: Laura Garcia Martin, Isma Pradera Irazuegi, Igone Amesti Bustinzuriaga, Leire Uribelarrea Solozabal, Carlos Perez, Fatima Berghout eta Ander Gomez.

Joan den asteko barikuan, AD Mallabia FTk antolatutako laugarren petanka txapelketa jokatu zen pilotalekuan. Hamasei herritar aritu ziren lehian, eta, azkenean, Koldo Zabala gailendu zen Enrike Prolen kontrako finalean.

https://barrena.tok-md.com/argazkiak/LhN/44bd4814-5b2d-4e40-8b15-82566c67cf34.JPG

Play-back mozorro lehiaketari dagokionez, 12 urtez azpikoen kategorian Lau Argi taldeak bigarren saria irabazi zuen, eta herriko dendetan erabiltzeko 30 euroko bonoa jaso zuten, Betagarriren "Zorion Argiak" kantari koreografia ederra asmatuta.

https://barrena.tokimedia.eus/public/d2/2026_08/14524/argazki/101876_1771619390.JPG

Baina 1,2,3 Mallabi taldearen suak piztu zuen pilotalekua, eta eurek lortu zuten lehen postua eta 60 euroko bonoa.

https://barrena.tokimedia.eus/public/d2/2026_08/14524/argazki/101878_1771619391.JPG

Nagusien kategorian, bakarkako zein binakako kategorian, Mallabiko Ostrukek lortu zuten bigarren postua eta 50 euroko txekea, herritarrak barrez leherrarazita etxean egindako mozorro originalekin eta eskainitako ikuskizun umoretsuarekin.

https://barrena.tokimedia.eus/public/d2/2026_08/14524/argazki/101882_1771621337.JPG

Rumi izan zen ordea kategoriako irabazlea eta 100 euroko txekea jaso zuen, Mallabiko pilotaleku erdian, bakarka, goi-mailako artista baten pareko kantu eta dantza erakustaldia egitearren.

https://barrena.tokimedia.eus/public/d2/2026_08/14524/argazki/101883_1771621337.JPG

Taldekako kategorian, Mendiko Mari eta Errekakuek bigarren postua eta 100 euroko txekea lortu zuten, Maria del Monteren "A la sombra de los pinos" eta Los del Ríoren "Macarena" kantuen remixarekin pilotaleku osoa dantzan jarrita.

https://barrena.tokimedia.eus/public/d2/2026_08/14524/argazki/101879_1771619391.JPG

Bukatzeko, taldekako garailea "Las del arcen iluminao" kuadrilla izan zen, eta 200 euroko txekea jaso zuten, Cadizko txirigota estiloan interpretatutako V16 balizaren inguruko kantu umoretsuarekin.

https://barrena.tokimedia.eus/public/d2/2026_08/14524/argazki/101880_1771619392.JPG

Etxeko arropa zaharrekin egindako mozorro onenaren saria, 60 euroko txekea, Ismael Praderak irabazi zuen, gaztetxoen kategoriara aurkeztutako 1,2,3 Mallabi taldea bezala jantzita.

https://barrena.tokimedia.eus/public/d2/2026_08/14524/argazki/101881_1771619392.JPG


Play-back mozorro lehiaketara aurkeztutako partaide denen koreografiak osorik ikusteko egin klik hemen.