2018tik Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituaren EITB Saria izandakoa, zirkuitua izatera pasa da aurten, Bizkaiko eta Arabako txapelketak sortuz. Bizkaiko Irekiari ekin zioten atzo, Mallabia I. Pilotalekuan jokatutako kanporaketekin. Paleta egokituan lehiatu ziren, antolakuntzak osatutako bikoteekin eta bi kategoriatan banatuta: gurpildun aulkikoa –edozein pertsonari irekia zegoena, urritasuna izan edo ez– eta adimen urritasuna duten pertsonen zutikakoa.
Azken hauek atera ziren lehenak frontoira, 10:30ean. Bederatzi pilotari aurkeztu ziren, tartean, aita mendaroarra eta Deba-Itziar aldean familia izanik, etxean bezala jokatu zuen Jurdan Arakistain zestoarra. Palarien kopurua bakoitia zenez gero, lau bikote osatu zituzten eta bosgarrena txandaka aldatzen joan zen. Hamar partida jokatu zituzten guztira, hamar tantora, eta finalerako txartela lortu zuten Leire Esnalek eta Erik Gastonek osatutako bikoteak, eta Daniel Calviñok eta Arakistainek berak.
12:30 aldera, gurpildun aulkiko lehia hasi zen. Kasu honetan ere, bederatzi palari zeuden, eta bikoteetako bat txandaka aldatu zuten. Hamabi tantorako hamar partida jokatu zituzten, eta finalera pasa ziren Sergio Rodriguez eta Edorta de Anta alde batetik, eta Gaizka Fernandez eta Beñat Lizaso bestetik.
Final biak martxoaren 1ean jokatuko dira, Basaurin Artunduaga pilotalekuan, eta Euskal Telebistak emitituko ditu zuzenean. Aurretik –bihar, martitzena– domekako jaialdiaren aurkezpena egingo da 18:30ean, Basauriko udaletxean.
Hurrengo hitzorduak
Bikaiko Irekia bukatu ondoren, Gipuzkoakoa jokatuko da. Martxoaren 22an kanporaketak jokatuko dira Lasarten, eta finala apirilaren 12an, Zumarragan. Arabakoa udako oporraldien ostean egingo da, irailaren 27an Amurrion eta urriaren 11n Laudion.