Gertakariak

Bi atxilotu Mallabiko enpresa batean lapurreta egitea leporatuta

Ander Gomez 2026ko martxoaren 18a

Argazkia: Ertzaintza.

Goizaldean gertatu da lapurreta, Berano auzoko enpresa batean. Bertako langile batek ustezko lapurrak ikusi eta abisua eman du. Autoz ihes egiten saiatu diren arren, Ertzaintzak atxilotu ditu.

Gaur, 03:30 aldera, 33 eta 38 urteko bi gizon atxilotu dituzte, telefono-kablea lapurtzea egotzita. Abisua enpresako langile batek eman du, interneteko konexioa galdu ondoren kanpora atera eta "jarrera susmagarria" zuten bi lagun topatu ostean. Ibilgailuz ihes egin dute hauek, baina Eibarko Ertzaintzaren patruila batek aurkitu eta atzeman ditu. Lapurtutako kablea eta mozketa-lanetarako tresnak zituzten auto barruan.

Horrez gain, marihuana topatu dute, eta espediente-administratiboak zabaldu dizkiete. Bi atxilotuek antzerako aurrekariak dituztela jakinarazi dute Ertzaintzatik, eta epailearen esku utzi dituzte.