400 lagunetik gora ibiliko dira bihar Oiz eta Arietzu mendien artean, 7 Pago lasterketan

Ander Gomez 2026ko maiatzaren 22a

Bihar, maiatzaren 23an, 7 Pago mendi-lasterketaren III. aldia jokatuko da; bigarrena Durangaldeko Koparen baitan. Dortsalak Kontzejuzarrean eskuratu ahal izango dira: gaur, barikua, 18:30etik 20:00etara; edo bihar, lasterketa hasi aurretik, 08:00etatik 09:30era. Irudiak: 7 Pago.

Dortsal guztiak agortuta ailegatuko da 7 Pago mendi-lasterketaren eguna: maiatzaren 23a, zapatua. Berrehun lasterkari batu dira 25 kilometro eta 1.400 metroko desnibel positibodun ibilbide luzera; eta 16 kilometro eta 750 metroko desnibel positibodun laburrean berrehun eta hogeita bost parte-hartzaile izango dira –iaz baino 75 gehiago–. 

Mallabitarrez gain, Debabarreneko beste herrietako lasterkariak ere inskribatu dira: 102 Ermutik, hogei Eibartik, zazpi Elgoibartik, hiruna Deba eta Mutrikutik eta bana Mendaro eta Soraluzetik.

Mari eta Sugaar kopak

Guztiak Durangaldeko mendi-lasterketak batzen dituen txapelketara batuko dira, aurrekoetan bezala, Durangaldeko Koparen lehen hitzordua izango da eta. Hurrengoak ekainetik urrira bitartean izango dira: Amaraune (Berriz), Zaldu Trail (Zaldibar), Asto Trail (Garai) Mañaritik Atxetara (Mañaria), Sorginen Lasterketa (Atxondo), Aramotz (Zornotza) eta Aldapegora (Elorrio). 

Ibilbide luzeak barne hartzen dituen Mari kopak 500, 400, 300, 200 eta 100 euro banatuko ditu saritan. Ibilbide laburren Sugaar kopak, berriz, 250, 200, 150, 100 eta 50 euro. Orain arte, ibilbide luzea bakarrik izan da lehiakorra 7 Pagon; aurten, laburra ere izango da puntuagarri.

Sariak, opariak eta zozketa

Baina Mallabiko lasterketara soilik aurkezten direnek ere sari potoloa irabaz dezakete, aurreko aldietako marka ofizialak hobetuz gero. Ibilbide laburrean, emakumezkoen marka Garazi Sampedro atxondoarrarena da (1:40:27); eta gizonezkoena, Xuban Muniozguren markina-xemeindarrarena (1:22:08). Ibilbide luzean, emakumezkoen errekorra Nora Narbaiza zaldibartarrak dauka (2:51:41); eta gizonezkoena, Irazu Aranburu mallabitarrak (2:16:48). Horietako bat hausten duen lasterkari bakoitzak 100 euroko diru-saria jasoko du.

Aisialdirako parte hartzen dutenek ere opari ederra eraman dezakete etxera: bizikleta bat zozkatuko dute Orbearen eskutik: Alma M50 modeloa. 

Edozein modutan, guztiek izango dituzte oparitxoak dortsalarekin batera jasoko duten lasterkariaren poltsan: kamiseta, Orbearen txapela, Mañeko pastelak, Lizagazarreko zukua... eta, lasterketa luzekoek, Lurbelen galtzerdi batzuk ere bai. 

Egun osoko egitaraua

Sari-banaketaren ostean, Elektrotxufla elektrotxarangak girotuko ditu bazkalorduaren aurretiko uneak. Aurten ez da talo-posturik egongo. Horren ordez, "mailaz igo" eta oilasko-parrillak jarriko dituztela aurreratu dute antolatzaileek; sagardoa ere eskainiko dute. Arratsaldean, Lasterketa Txikia egongo da umeentzat, eta garagardo dastaketa nagusientzat.

Bukatzeko, Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian bakarrizketa egongo da. Antolatzaileek kirolaz aparteko ekintza kulturala ekarri nahi zuten herrira. Adierazi dutenez, musika, irudiak eta umorea uztartuko ditu, eta euskaraz, bizimoduaren abiaduraz, maskulinitateaz eta naturarekiko deskonexioaz hausnartzeko "performance poetiko bat" izango da.

Ordutegia:

  • 09:30 Lasterketa luzea
  • 10:00 Lasterketa laburra
  • 13:30 Sari-banaketa
  • 13:30 Elektrotxufla elektrotxaranga
  • 14:00 Oilasko-pintxoak parrillan eta sagardoa
  • 16:00 Umeen lasterketa
  • 17:30 Garagardo dastaketa, probalekuan
  • 19:00 Zerbait sartu zait begian ikuskizuna, Imanol Epelderen eskutik