"Ez dugu sentitzen merezi dugunik, baina bihotzez jaso dugu aitortza"

Garazi Mendieta 2026ko abuztuaren 10a

Marijo Ramos eta Angelines Carrillo. G. MENDIETA

Berbalaguneko joskintza tailerreko kideak izango dira aurtengo txupineroak, euskara eta arropei bigarren bizitza ematea uztartzen dituen proiektuagatik.

Jostea aitzakia hartuta, Bergabalaguneko parte-hartzaileek euskara praktikatzen dute, sormena lantzen dute eta arropei bigarren bizitza bat ematen diete. Aurten, talde horren lana aitortu nahi izan du Udalak, eta Andra Mari jaietako txupinera izendatu ditu. Marijo Ramos irakaslea eta Angelines Carrillo partaidea hunkituta eta eskertuta daude jasotako aitortzagatik. 

Nola jaso zenuten berria? 

Marijo Ramos: Hasieran, proposamena onartu nuen benetan zer esan nahi zuen bereganatu gabe. Pixkanaka konturatzen hasi nintzenean, ohartu nintzen zenbaterainoko ohorea den jaietan txupinera izatea. Etxean negar egin nuen, hunkituta. 

Angelines Carrillo: Oso ezusteko handia izan da. Gu tailerrera joaten gara elkarrekin denbora pasatzera, eta egiten dugun hori aitortzea oso polita da. 

Zuentzat zer esan nahi du aitortza jasotzeak? 

M.R.: Ez dakit nola azaldu, benetan ez dudalako sentitzen merezi dudanik.

A.C.: Mallabian beti dago herriaren alde zerbait egiten duen jendea, eta oso erraza izango luke Udalak beste edozein aukeratzea. Guri tokatu zaigu aurten, baina gu tailerrera ondo pasatzera joaten gara, besterik gabe. 

Hiru urte daramatzazue joskintza tailerrarekin. Zer eman dizue zuei? 

M.R.: Niri dena eman dit. Zoriontasuna, batez ere; benetan zoriontsu naiz hemen. Tailerrera etortzen den jende askok barruan duen sormena ez du ezagutzen, eta hori ateratzeko espazio bat sortu izana zoragarria da. Oso talde polita osatu dugu.

A.C.: Marijo oso sortzailea da, eta gainerakoei asko laguntzen digu. Nik urte asko neramatzan josi gabe, eta tailerrari esker berriro zaletasun hori berreskuratu dut. 

M.R.: Hasieratik nahi nuen jendea motibatuta etortzea, saioetatik pozik ateratzea eta egiteko gai diren hori deskubritzea. 

Zer aurkitzen duzue tailerretan? 

M.R.: Askotan, jendeak amaren jantziak ekartzen ditu, bigarren bizitza bat emateko. Arropak eta oihalak konbinatzen ditugu, eta inspirazioa etengabe bilatzea gustatzen zait horrelakoak sortzeko. 

A.C.: Tailerrera josten ezer jakin gabe etorri den jendea badago, eta gero poltsak, arropak eta beste hainbat gauza egiteko gai dela ikustea benetan harrigarria da. Etengabe gainditzen ditugu erronka pertsonalak.

M.R.: Oso polita da jendeak bere buruari jarritako mugak gainditzen dituela ikustea. 

Garrantzitsua da moda azkarraren testuinguru honetan jantziei bigarren bizitza bat ematea. 

M.R.: Tailerrak askoz gehiago eskaintzen du josten ikastea baino. Euskara sustatzen dugu, norbera autonomoago bihurtzen da, baina, gainera, sormena, pazientzia, trebetasuna eta koordinazioa lantzen dira. Eta, horrekin batera, jasangarritasunari ekarpena egiten diogu. Munduko kutsadura guztiarekin alderatuta gure ekarpena txikia izango da, baina puntada bakoitzarekin gure harri-koskorra jartzen dugu. 

A.C.: Nik uste dut gizartea ere gero eta kontzienteago dela horretaz. Gaur egun, adibidez, askoz errazagoa da bigarren eskuko dendak aurkitzea. 

Nola bizi izan dituzue Mallabiko jaiak? 

A.C.: Nik beti oso barrutik bizi izan ditut. Urte askoan jaiak antolatzen ere aritu nintzen; garai hartan ez zegoen mugikorrik, eta plazako telefono-kabinatik egiten genituen dei guztiak. Azken 30 urteotan oporrak moldatu izan ditut jaietan herrian egoteko. 

M.R.: Ni, aldiz, normalean, oporretan joaten nintzen data hauetan, eta aurten, jaiak benetan bizi izango ditudan lehen aldietako bat izango da. Ilusio handia egiten dit hau horrela bizi izateak. 

Marijo, lehen aldia izanik jaiak bizi izango dituzuna, eta, gainera, txupinera, nola ospatuko dituzu? 

M.R.: Poztasun handiarekin. Pilota partidarako ere sarrerak erosteko irrikaz nago, ekintza guztietan parte hartzea gustatuko litzaidake. Txikitan lagunekin jaiak bizi izaten nituen ilusio berarekin bizi izango ditut aurten ere. 

Zer mezu helarazi nahi diezue herritarrei jaiak hasi aurretik? 

A.C.: Garrantzitsuena jaiak gozatzea da. Ondo pasatzea, elkarrekin egotea eta une ederrez disfrutatzea opa diegu herritar guztiei.