Mentxu Amunategi: "Belar exotikoen bila gabiltza askotan, etxean dugun altxorraz ohartu gabe"

Ander Gomez

Basaurin egindako saioan. SETEM HEGO HAIZEA

Europako Ondarearen Jardunaldiek arkitektura izan zuten ardatz iaz, eta Mallabian bertako baserrien eraikuntza-aldaerak aztertu ziren. Aurten, "galtzen ari den ondarean" jarri dute arreta. Ermuko elizako organoa ezagutzeko aukera egon zen zapatuan, eta Mallabian topa daitezkeen sendabelarrak, "askotan ikusezinak eta txartzat jotzen direnak", ezagutzeko parada izango da urriaren 17an, Mentxu Amunategi adituaren eskutik.

Jarduerak Sendabelarren sekretuak du izenburua. Zeintzuk dira sekretu horiek?

Funtzionamendua, esaterako. Umetan, indabak edo dilistak landatzen ditugu eskolan, baina hor geratzen gara. Nire lana da prozesu horri jarraipena ematea: hostoak eta zurtoinak bereizten ikastea, bakoitzaren bizirauteko sistema ulertzea, nola gordetzen dituzten haziak eta nola zabaltzen diren... Eta, nire ustez, sekreturik handiena da deskubritzea ea landare horiek zein mesede egin diezaguketen.

Bilaketa hori herrigunean ibilbidea eginaz edo tailer bezala egingo duzu Mallabian?

Bietara. Lehenengo bueltatxoa emango dugu herrian zehar, landareak identifikatzeko, eta, bidean, landa-koaderno bat osatuko du bakoitzak, sendabelarrak jasoz eta dauzkaten propietateak apuntatuz. Ondoren, sukaldaritza tailerra egingo dugu eurekin. 

Bertaratutakoen behar eta minetara bideratuta egongo da saioa? 

Denborarekin, begi klinikoa garatu dut eta segituan igartzen ditut behar horiek: digestioak, garbiketak, alergiak... Edozeinetan sakondu genezake.

Eta zer kozinatuko duzue?

Plater bat egingo dugu asunak erabiliz, eta pate bat sagar, erremolatxa eta azenarioekin. Ukenduak eta olioak egiteko astirik ez dugu izango, baina azaldu egingo dugu nola egiten diren, eta errezeta berriak erakutsiko ditugu.

Ez da zure lehen tailerra Europako Ondarearen Jardunaldien baitan; zelan joan dira aurrekoak?

Primeran. Izurtzan, Otxandion eta Garain egin ditugu. Horrez gain, emakumeen taldeekin ere aritu naiz, Getxoko Udalarekin, eskoletan… eta aste honetan bertan, Berrizen. Arrakasta handia izan ohi dute, eta bete egiten dira.

Mallabian ere plaza guztiak bete dira.

A zer poza! Interes handia dago, egia esan; landareak modan daude gaur egun. Arazoa da belar exotikoen bila gabiltzala askotan, etxean dugun altxorraz ohartu barik. Guk Indiako landareak erosten ditugu, eta haiek, hemengoak. Herri bakoitzak bere nortasuna eta ondarea dauka, eta, lehenengo, gurea ezagutu beharko genuke. Gero, beste leku batzuetara joan gaitezke, hango jakituria ezagutzeko eta gurearen berri emateko.

Mallabian izandakoa zara, ala egon gabe badakizu zer topatuko duzun? 

Bertan izan naiz, bai, baina ez daukat zertan ezagutu zer aurkituko dugun jakiteko. Ibilbidean zehar hamabost landare inguru ikusi eta identifikatuko ditugu.

Edozein txokotan topa daitezke?

Bai, baina leku garbiak izan behar dute, errepidetik pixka bat aldenduta. Erreken kasuan, begiratu behar da ea inguruan fabrikarik dagoen, kutsadura nahita edo nahi gabe uretara iritsi baitaiteke; eta lurrarekin ere kontuz ibili behar da, landareek lurrazpian egon daitezkeen metal astunak xurga ditzaketelako.

Ez dago tratamendurik landare horiek erabili ahal izateko?

Ez. Kutsadurak landareen portaeran eragin dezake. Estresa jasaten dute, eta horrek haien konposizio kimikoa aldatzen du. Landare bera izan arren, printzipio aktiboak eta propietateak ez dira beti berak. Hala ere, gauza bitxi bat gertatzen da: kutsadura pairatzean, landareak indartu egiten dira. Kasu askotan, errepide alboan sendabelar bat ateratzen ikusten badut, badakit handik hiru astera, eta kutsatutako gunetik apur bat urrunago, baliagarri izango zaidan batzuk haziko direla; motelago hazten dira, baina seguruak dira erabiltzeko zein kontsumitzeko.

Egoki haziz gero, zein propietate izan ditzakete?

Pila bat: digestioak erraztekoak, antihistaminikoak, odola garbitzekoak, idorreriaren aurkakoak, garatxoak kentzekoak, zelulitisaren aurkakoak... 

Zein ideia eraman beharko luke jendeak tailerretik?

Orain aipatutako zerrenda luzearekin eta halako kontzeptuekin bonbardatzea baino, nahiago dut jendea oinarri sendo batekin geratzea. Jakin behar dugu inguruan zer daukagun, eta hura apreziatu. Denak du bere garrantzia, bere zergatia eta bere balioa.

Beste esatekorik baduzu...

Ibilbidea erraza izango dela, edonork egiteko modukoa, eta erakusten dena etxean egin ahal izango dutela. Askok galdetzen dute: "Baina non erosi behar dut nik hau, Interneten?...". Ba, ez, herrian bertan. Bertako landare eta produktuak dituzu eskura. Nekazaritzaren eta ingurumenaren aldeko bultzada hori ezinbestekoa da niretzat. Ezin dut ulertu herri bat baserritarrik gabe, lehen sektorerik gabe, basorik gabe, intsekturik gabe... eta sendabelarrik gabe, noski. Azkenean, dena dago saretxo batean ehunduta.


Oharra: Mallabiko Udalak plaza batzuk gorde zituen herritarrentzako –943 17 66 91 telefonora deituta edo kulturetxea@mallabia.eus​ mailera idatzita eska zitezkeenak–; gainontzean, guztiak agortu dira, baina itxarote-zerrendara apuntatu daiteke Europako Ondarearen Jardunaldien webgunean.