Eider Mamolar: "Barne-harmonia, lasaitasuna eta pentsatzeko argitasuna ematen ditu biodantzak"

Ander Gomez

Ikasturte berriko taldeko kideak, lehen saioa hasi aurretik. A. GOMEZ

Mallabiko Nahikari Emakumeen Elkarteak antolatutako biodantza saioak gidatzen ditu Eider Mamolarrek. Martitzenero elkartzen dira Kontzejuzarran, 19:00etatik 21:00etara. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik ere ateak zabalik daude biodantza probatu nahi duten mallabitarrentzat zein inguruko herrietako bizilagunentzat.

Bilbo aldetik zetorren dinamizatzaile baten lekukoa hartu zuen Eider Mamolarrek (Leioa, 1978); eta, hark ere urrutitik etorri behar duen arren, mallabitarren jarrera "ireki eta aktiboak" eta batu zen talde "polit eta dibertigarriak" liluratu zuela dio. Bederatzi urte pasa dira hartatik, eta ikasturte berria abiatu du orain, hemezortzi lagunekin eta, oraindik ere, jende gehiago batzeko ateak zabalik.

Biodantzaren mundua ezezaguna da askorentzat; nola definituko zenuke?

Biodantza bi berbak osatzen dute: bio, hau da, bizitza; eta dantza, etimologikoki, zentzuz beteriko mugimendua esan nahi duena. Guk, hain zuzen, musikaren eta mugimenduaren bitartez bizitzari "bizitza gehiago" ematen diogula diogu. Pentsatzen, sentitzen eta egiten dugun guztia integratuz, bizitzari koherentzia ematea bilatzen duen talde-espazioa osatzen dugu. Nire figura dago, bideratzaile deritzoguna, baina inportanteena taldea da. 

Zein da dantza berezi horren jatorria?

Rolando Toro psikologo eta antropologo txiletarrak sortu zuen, giza garapenerako sistema gisa. Osasun fisikoa, emozionala eta soziala hobetzeko eta bizitzeko gogoa sustatzeko sortu zuen. 


Eider Mamolar. LABERNARDA

Eta zuk nola deskubritu zenuen?

Kasualitatez. Nazioarteko lankidetzan egiten nuen lan, GKE batean. Behin, asteburu-pasa batera gonbidatu ninduten, eta irakasleak esan zidan: "Zuk biodantza egiten duzu". Baina nire lehen aldia zen. Betidanik gustatu izan zait dantza egitea; ez hainbeste eskolak, baizik eta dantzatzea, gustuko dudalako, besterik gabe, eta horixe sustatzen du biodantzak. Handik gutxira, formakuntza egin eta lan finkoa lagatzea erabaki nuen, honetan bete-betean aritzeko.

Nolakoa da saio bat?

Borobil batean hasten dugu, aurreko saiokoak komentatzen. Ondoren, dantzara pasatzen gara. Lehen zatia aktibaziorako da, gorputza esnatzeko, geure buruan gehiegi sartuta gatoz eta. Bigarren zatian, maila jaisten dugu, deskantsuarekin, arnasketarekin eta mugimendu erlaxatuago batekin konektatzeko.

Eta nola ateratzen dira partaideak?

Norberarengana gehiago hurbildu izanaren sentsazioarekin. "Etxean bezala sentitu naiz" eta "hauxe da benetan lasai egotea..." bezalakoak entzuten ditut. Jende asko osasun arazoekin dator: estresa, antsietatea, nekea… eta gizarteak, orokorrean, pairatzen duen apatiarekin. Gorputza zaintzen dugunean emozioak orekatzen dira, eta barne-harmonia, lasaitasuna eta pentsatzeko argitasuna ematen ditu biodantzak.


Borobilean dantzan, Kontzejuzarran. A.GOMEZ

Mallabian guztiek ezagutzen dute elkar; onerako ala txarrerako?

Onerako! Gehiago hitz egiten dute, barre egin... eta, azkenean, taldeak berak laguntzen dio jendeari lasaitzen eta dinamikan sartzen. Askok urteak daramatzate eta beste batzuk berriak dira, baina oso talde irekia izan da beti, eta asko gozatzen dute dantzan eta ariketak egiten. 

Taldea irekita dago oraindik?

Urte bukaerara arte, edozein momentutan dago probatzeko aukera. Martitzenetan batzen gara, 19:00etatik 21:00etara, Kontzejuzarrean. Adina, generoa eta egoera fisikoa edozein dela ere, bizilagun guztiak daude gonbidatuta!

JONE GIL

"Nik arimaren sendagai bezala definitzen dut biodantza; baina ezin da esplikatu, probatu egin behar da jakiteko zer den. Duela hogei urte ezagutu nuen nik, eta Mallabian hasi zenetik Eiderrekin egin dut. Bilbora ere joaten naiz haren saioetara. Asko zaintzen du taldea, oso gertukoa da, eta pertsona maitagarria, benetan".


FLOR MORENO

"Hamahiru urte atzera aurrenekoz antolatu zenetik parte hartzen dut. Gustatzen zait, jolasteko, barre egiteko eta sormenerako zati bat duelako; baina baita lasaitzeko eta norbere barnearekin konektatzeko beste bat ere. Sortzen den talde-giroa nabarmenduko nuke, eta txarto ailegatzen garen guztietan, geure buruarekin ondo sentitzen ateratzen garela".


NEKANE MAIZTEGI

"Lesio baten ondorioz, kirola eta dantza utzi behar izan nituen. Iaz, Florrek [Moreno] gomendatuta probatu nuen; inpaktu txikiko ariketa izanik, dantzara bueltatzea ahalbidetu dit. Beti gabiltza estresatuta lanarekin, umeekin, gurasoekin... eta hau Kit-kat bat bezalakoa da, etenaldi bat haserre eta txar guztiak kanpora ateratzeko".