Pilotalekutik dantzalekura, Urriko Jaien egitarau oparoan murgilduko da Mallabia

Ander Gomez

Nafarroa 1512, Fito & Fitipaldisen 'Corazon Oxidado' tributua eta Naxker izango dira zapatu gauean joko duten tadeak. 

Datorren asteburuan, urriaren 23tik 25era, ospatuko dira Mallabiko Urriko Jaiak. Hiru egunez, musika, kirola eta jan-edana ugari izango dute herritarrek zein kanpotik etorriko diren bisitariek.

Urriaren 23an hasiko dira Urriko Jaiak, eta umeek eta gaztetxoek estreinatuko dituzte. Eskolatik parkerako ibilbidea egingo dute, 16:30ean, buruhandiak atzetik dituztela. Behin parkean, herri-kirol ugari praktikatzeko aukera izango dute, Txondor taldearen eskutik. Hasiera ofiziala, ordea, 18:00etan izango da, udaletxeko balkoitik botako den txupinarekin. Satxibu Aisialdi Taldeari eman diote ardura, haren hogeita bost urteko ibilbidea ospatzeko. Ostean, helduak murgilduko dira kirol lehian. 

Hasteko, Martin II.aren izena hartu duen Elizpeko pilota txapelketako finala jokatuko da; iraila erdialdean zortzi herritar murgildu ziren lehian, eta barikuan erabakiko da zein bikotek jantziko duen txapela. Ondoren, Kickboxing eta Boxeo Gauaren bosgarren aldia ospatuko da, Nestor Alonso mallabitarra kide duen IndarXsport gimnasioak antolatuta. Sei borroka amateur eta bi neoprofesional jokatuko dira; Top Ring eta Euskadiko NeoPro Txapeldunaren gerrikoak egongo dira jokoan. Mallabia I. pilotalekuan muntatuko den ringera igoko dira, eta sarrerak 15 euroan eskuratu ahal izango dira bertan. Kanpoan geratzen direnentzat, Kolpez Blai batukada taldeak girotuko du iluntzea kalez kale, eta 20:30ean hanburgesa-pintxo gozoak dastatu ahal izango dira, euro batean.

22:00etan hasita, kontzertuak izango dira parkean. Oilar Beltzak taldeak estreinatuko du eszenatokia, doinu mexikarrak, cumbia eta euskal kantak nahastuz. Ondoren, Mugi Panderoa erromeriarekin dantzatzeko aukera egongo da, ordu txikiak arte.

Kontzertuak, frontenis maratoia, ardo feria eta bazkaria zapatuan

Zapatuan, nagusiak hasiko dira kirol lehian. 09:00etan, AD Mallabia FTren gizonezkoen bikotekako frontenis maratoia jokatuko da pilotalekuan; eta 11:30ean, duatloia egingo dute umeek, korrika eta bizikletan, Zazpi Pago eta Gurasoen Elkarteak herrian zehar sortutako zirkuituan.

Bestalde, 12:00etatik 15:00etara, Mallabiko Ardau Ferixiek bederatzigarren aldia ospatuko du. Probalekuan egingo da, eta, 10 euroko sarrera ordainduta, jan-edana soberan izango dute bertaratzen diren guztiek.

14:30ean, Gazte Asanbladak antolatutako herri-bazkaria egingo da eskolako frontoian. Menu arruntak paella, haragi-lasagna, pantxineta, ardoa, ura eta ogia barne hartzen ditu, baina aukera begano eta gluten gabekoa ere egongo da. Tiketak 15 euroan eskuratu daitezke, Mallabian –Jubiletxean, Herriko Tabernan, dendan eta Frontoiko tabernan–, Ermuan –Infreñu tabernan– eta Berrizen –Ganeko eta Fonda tabernetan–. Gainera, bertso-saioa egongo da bazkalostean, mallabitarrekin eta gonbidatuekin.

17:30ean, Jokai konpainiaren eskutik, antzinako lanbideak eta ohiturak berreskuratzen dituen Kantauri jolas-instalazioa egongo da Probalekuan. 19:00etan, berriz, herriguneko bazter guztiak alaitzeko ibilbidea hasiko du Txorongo txarangak.

Ohi bezala, kontzertuei dagokienez, kartel potoloa izango du Urriko Jaietako bigarren gauak. Corazon Oxidado tributu-taldeak joko du, eta Fito & Fitipaldisen abesti ospetsuenak taularatu ditu. Nafarroa 1512 taldeak ere bere tartetxoa izango du, kritika sozialak mikrofonoetatik garrasi betean eta punk-oi! erritmora plazaratzeko. Bukatzeko, urte gutxian euskal eszenan arrakasta handia lortu duen Naxker taldea izango dute "bidelagun".

Magia, autoak, txokolatea eta karta-jokoak domekan

Domekan, bakarkako frontenis maratoiarekin jarraituko dute. 10:00etatik 14:00etara, eslalomaren bosgarren aldia jokatuko da, eta lekutako autozaleak eramango ditu Goitondo Behekoa industrialdera.

16:30ean, umeentzako magia ikuskizuna egongo da Probalekuan, eta, bukatutakoan, txokolate beroa izango dute zain. 17:00etan, Kontzejuzarran jokatuko den eta Urriko Jaiei amaiera emango dien ohiko mus txapelketa jokatuko da, 120 eta 100 euroko sariekin. 

Erlazionatuak