Hasi dira Urriko Jaiak!

Ander Gomez

Satxibuko lagunek eman diete hasiera Mallabiko jaiei, 25 urteotan aisialdi taldean aritu diren kideak omenduz, eta txupinak zein gozokiak jaurtiz udaletxeko balkoitik. Argazkiak: Garazi Mendieta eta Ander Gomez.

Urriko Jaien hasiera ofiziala Satxibu Aisialdi Taldeak eman duen arren, umeek aurretik hasi dute festa. Txistulariekin batera eta buruhandiak atzetik zituztela atera dira eskolatik, eta herri-kiroletan lehiatu dira parkean.

Txupinazoaren ostean jokatu da Elizpeko pilota txapelketako finala eta parekatua izan da oso. Azkenean, Xabat Uzuriaga eta Unai Martin gailendu dira; eta Mikel Solozabalek jaso du Borrokalari Saria. Herriko frontoi nagusia, kontrara, ring bihurtu dute, eta kick-boxingeko borrokalari amateurrek eta neoprofesionalek neurtu dituzte indarrak. Bitartean, Kolpez Blai batukadak alaitu du herrigunea, eta euro bateko hanburgesek bete dituzte herritarren sabelak.

Gauerako, Elegante Eguna beharrean, Peluka Eguna ospatzea proposatu dute gazteek aurten. Ileordeak jantzita, parkean elkartuko dira orain, eta Oilar Beltzak taldearen eta Mugi Panderoa erromeriaren erritmoan dantzatuko dute berandura arte.