Belarrek berba egin diote Mentxu Amunategi Barandika aditu bermeotarrari; ezagutzen ditu, maite ditu, errespetuz batzen ditu eta bere dohaiak aprobetxatzen ikasi du. Mallabiko Kontzejuzarrean eskaini zuen hitzaldira sendabelarren jakinminez gerturatutako herritar haien nahiak asetze aldera, ibilalditxo bat egitea proposatu zien.
Metro gutxitan, zenbat ezkutuko aberastasun! Azkaldean, Bastidaneko taberna ondoan hasi eta jauregi osteraino dauden harri-horma eta landetan, mota guztietako sendabelarrek alfonbra berdean bihurtuta zuten lurzorua. Han zen horma-belarra, hepatitisaren kontrako propietateak dituena eta aurpegiko zimurrak lisatzeko ere lagun ona dena. Udaberrian ugariagoa den zaingorri antibirikoaren landara bakan bat ere azaldu zen, harrizko hormak ematen zion babeslekuari esker, udazkenari aurre egiten. Zaldarrak, ziztadak eta zauriak saneatzeko txantxaporta horma-belarra ere guri-guri zegoen; belar jangarria da hau ere, gozoa ahuntz-gazterekin lagunduz. Huntz-orri igokaria beheratzen jarri eta haren ura arropak belzteko erabili izan da tradizionalki eta balekoa izan daiteke ere artikulazioetako arazoak samurtzeko. Asunek duten nitrogenoa onuragarria da orturako eta bere mineral eta bitaminek mesede handia egiten digute pertsonoi ere. Pikatzen digutenean ere, odol zirkulazioa aktibatzen ari dira eta propietate antiinflamatorio, antiistiniko eta garbigarriak dituzte. Denetik zegoen han, eskura: txiza-lora diuretikoak, oregano antioxidanteak, lahar digestiboak, uztau-belar mineralizatzaileak… pausuan-pausuan, bertan ziren guztiak, fresko-fresko eta guri-guri, azken euriek berdatuta.
Landareokin herbario bana osatu ostean, Kontzejuzarra sukalde bihurtu zuten parte-hartzaileek: zain-belar eta oliba beltzen patea zein asunekin kozinatutako humus berdea eta hojaldre gozoa dastatzeko aukera ere izan zuten. Eta harridurazkoak izan ziren dastaketa osteko komentario guztiak!