Kirol- eta kultura-ekitaldiek osatu dute Mallabiko A25aren egitaraua

Ander Gomez

Cumbia tailerra, frontenis maratoia eta clown ikuskizuna egin dituzte, eta elkarretaratzea egingo dute eguazten honetan, Azaroaren 25ean. Argazkiak: Lorea Arregi, Carlos Perez eta Estibalitz González.

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, hainbat jarduera antolatu ditu Mallabiko Udalak, herriko eragileekin elkarlanean.

Cumbia tailerra

Egitaraua azaroaren 13an hasi zen, Nahikari Emakumeen Elkarteak antolatutako Feminismoa eta antirrazismoa gorputzetik tailerrarekin. Kontzejuzarran elkartu ziren, eta bi saiotan –bariku arratsaldean eta domeka goizean– cumbia musika estiloaren historia ezagutzeko parada izan zuten: nola sortu zen gaur egun mundu osora hedatu den mugimendu txiki hura, nondik datorren, hitzak... Pueblatik (Mexiko) datorren eta DJ munduan Hija del Nopal ezizenez ezaguna den Emilia Larrondo soziologo eta aktibista antirrazistak gidatu zituen saiook.

Frontenis maratoia

Kirolak ere protagonismo berezia izan zuen asteburuan. Urriko Jaietan jokatu zen AD Mallabia FTk antolatutako gizonezkoen frontenis maratoia, eta orain, emakumezkoena jokatu dute, bikotekako eta banakako modalitateetan. Lehenengoa herriko frontoian jokatu zuten; bigarrena, berriz, eskolako frontoian.

Bikotekako lehian, Ana Garcia salamancarrak eta Maialen Bilbao durangarrak lortu zuten garaipena. Txapelketa Gueñestik etorritako Inge San Cristobal eta Eskoriatzako Laura Saez bikotearen kontrako porrotarekin hasi zuten, 9-8ko emaitzarekin. Finalean berriz ere neurtu zituzten indarrak, eta orduan, joko erasokorragoa erakutsi eta 13-8 irabaztea lortu zuten. Hirugarren postua Andrea Arnaiz eta Leticia Caño burgostarrentzat izan zen. Txapelez eta garaikurrez gain, 400, 300 eta 200 euro banatu ziren saritan.

Banakako modalitatean podiuma ziurtatuta zegoen, hiru erraketista lehiatu baitziren. Horretan ere Bilbao izan zen garaile. Durangarrak Ana Garcia izan zuen aurkari finalean, eta 16-12 irabazi zion. San Cristobal izan zen hirugarren. Hurrenez hurren, 200, 150 eta 100 euro jaso zituzten.

Clown ikuskizuna

Atzo eguerdian, Virginia Imaz clown artistak Consumiéndonos ikuskizuna eskaini zuen Kontzejuzarrean. Umorearen bidez, beharrezkoak ez diren erosketak eta bestelako kontsumo-ohiturak izan zituen hizpide, ikusleak gizarte kontsumistarekiko duten harremanaz hausnartzera gonbidatuz.

Elkarretaratzea, etzi

Azaroaren 25ean, eguaztenean, elkarretaratzea egingo dute frontoiko aldapan. Eskolako ikasleek aurrez prestatutako leloak irakurriko dituzte bertan, eta, bukatzeko, Indarkeriaren kontrako abestia kantatuko dute. Horrez gain, adierazpen instituzionala ere irakurriko dute.

Mallabiko Udalak bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin