Berbaz zein kantuz, ozen egin dituzte A25eko aldarrikapenak Mallabian

Ander Gomez

Gaur eguerdian, aterki moreak atean utzi eta pilotaleku barruan elkarretaratu dira mallabitarrak, Nahikari Emakumeen Elkarteak, eskolak eta Udalak antolatutako emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko ekitaldian. Ikasleek kantuan jarri dituzte herritar guztiak Indarkeriaren kontra abestiarekin (bideoan osorik entzungai). Albiste barruan, irakurritako adierazpen instituzionala eta argazki-galeria.

Igor Agirre alkateak eta Esti Arrizabalaga zinegotziak irakurri dute aurtengo Azaroaren 25eko adierazpena:

Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, euskal udalok, gizarte ikuspegitik erantzun behar dugun hausnarketa helarazi nahi diegu herritarrei: emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du, eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek, gizarte-erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dugu.

Horregatik, azaroaren 25 honetan, gaitzespen hutsetik harago begiratzeko eta errealitate honen aurrean bakoitzak zer eginkizun dugun geure buruari galdetzeko deia egiten dugu. Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude emakumeak iraindu, kontrolatu edo gutxiesten dituzten jokabideen lekuko garenean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normaltzat jotzeak desberdintasuna eta indarkeria betikotzen laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak jasotzen ditugunean?

Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, inplikazio aktiboa eta egunerokoa behar dira. Ez da nahikoa indarkeria argi eta garbi agertzen denean soilik arbuiatzea. Beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, indarkeriari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea, biktimei laguntzea eta, esparru guztietatik, indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea.

Indarkeria matxistaren aurrean ezin da neutraltasunik egon, ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak eta isilik geratzeak ere ondorioak baitituzte. Horregatik, herritar guztiak pauso bat aurrera ematera gonbidatu nahi ditugu: entzun, lagundu eta babestera; axolagabe ez geratzera; eta emakumeen aurkako edozein indarkeria mota prebenitzeko eta horri aurre egiteko jardutera.

Udalok, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak izanik, gure udalerrietako auzokide guztien konpromiso partekatua sustatu nahi dugu, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko. Herritarrak jarrera bat hartzera eta konponbidearen parte izatera gonbidatzen ditugu, erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik egin ahal izango dugu aurrera gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz.

Horretarako, honako konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea.

  • Indarkeria matxistako egoeren aurrean erantzun publikorako baliabideak eta herritarren mobilizazioak antolatzea.

  • Herritarrek indarkeria matxistako kasuen inguruan aurkezten dituzten salaketak eta alertak bideratzea, egoera bakoitzean dagozkion erantzunak aktibatzeko.

  • Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatzea, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.

  • Herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko eta hura antzemateko, biktimei laguntzeko eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko.