Lau partida jokatu zituzten, maila handiko pilotariekin eta giro ederrean. Amaia Aldai eta Enara Gaminde bizkaitarrek ez zuten hutsik egin, eta finalerdietarako sailkatu ziren.
Aldaik ireki zuen jardunaldia, eta 22-11 irabazi zion Arrate Bergarari. Dimoztarrak hasiera bikaina egin zuen; 11-1 aurreratu zen, eta, aurkariak markagailua estutzea lortu bazuen ere, garaipena ziurtatu zuen. Gamindek ere aurrera egin zuen, Laia Salsamendi 22-14 mendean hartuta. Partida lehiatua jokatu zuten biek, baina egungo txapeldunak nagusitasuna erakutsi zuen amaieran.
Eguneko neurketarik estuena Olatz Arrizabalagak eta Aizane Ibarrolak jokatu zuten; azken horrek 21-22 irabazi zuen, azken tantoan finalerdietarako txartela eskuratuta. Goiuri Zabaletak osatu zuen laukotea, Maddalen Etxegarai 22-11 garaituta.
Finalerdiak domekan jokatuko dituzte, azaroak 29, Zeanurin. Aldai eta Gaminde, batetik, eta Ibarrola eta Zabaleta, bestetik, finalerako txartelaren bila arituko dira. Finala abenduaren 13an izango da, Mungian.