Santa Ageda Eskea 2026

Kopla kantuan alaitu dituzte kaleak Mendaroko eskola-umeek

Ainara Argoitia Arano 2026ko otsailaren 4a

Mendaroko eskola-umeak kantura eta eskera irten dira gaur, Santa Ageda bezpera egunez.

Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleak izan dira ikastetxetik irteten lehenengoak. Ospitalera igo eta hantxe abestu dituzte eguneko lehenengo koplak. Ondoren, ikastolara jaitsi eta bigarren zikloko ikaskideak batu zaizkie, eta Azpilgoetarantz egin dute guztiek elkarrekin. Eguneko zentroan, txokolategi parean eta Azpilgoetako erramu arbolaren aurrean geldialdiak egin dituzte, kanturako. Haurrekin batera guraso eta aitona-amona batzuk ere egin dute handik aurrerako bidea. Sakelako telefonoak eskuan hartuta ibili dira guraso eta aiton-amonak eguneko irudiak argazkitan eta bideoan hartzen. Hurrengo bi geldialdiak Haurreskolan eta Herriko Enparantzan egin dituzte kantuko lagunek. Haurreskolako haurrak leihoaren beste aldetik entzun dituzte makila kolpeak eta koplak, eta Herriko Enparantzan, jende multzoa topatu dute haurrek. Herriko Enparantzatik Mendarozabalera bidea hartu dute gero. Han batu zaizkie txikienak, Haur Hezkuntzakoak, 3-4 eta 5 urteko neska-mutikoak. Eta Mendarozabalgo plazan amaitu dute aurtengo kantu-erronda.