Santa Ageda Eskea 2026

Kantuan eta eskean goizean goiz hasi arren, luzatuko zaie gaur eguna Mendaroko santa eskekoei jai giro ederrean

Ainara Argoitia Arano 2026ko otsailaren 7a

08:30ean elkartu dira Mendaroko santa eskekoak Herriko Enparantzan eta hiru taldetan banatuta koplatu dituzte baserri auzoak eta kalea. Une honetan, bazkalostekoan dira denak Aizpe elkartean, eta hango giroa ikusita, itxura du bati baino gehiagori luzatuko zaiola gaur eguna. 

Ohitura duten moduan, larunbatarekin irten dira santa eskean Mendaron. 62 lagun elkartu dira guztira santa eskerako, eta hiru taldetan banatuta ibili dira goiz osoan zehar kopla kantuan, talde bakoitzeko bina koplari eta trikitilariak lagun hartuta. Makilak eskuan, hara-hona ibili dira, ataririk atari, mokadu goxoak eginez etxe askotan. San blasa, kafea, gozoak, txorizoa, patata tortilla, gildak... sabelak ondo beteta eta eztarriak bustita aritu dira kantuan arratsalderako hirurak ingurura arte, eta ondoren, Aizpera batu dira hiru taldeak, elkarteko bazkideek prestatutako bazkariaz gozatzera. Hona egunaren laburpen bat, argazkitan.