Aingeru Guardako ermita ingurua jendez bete da gaur, Plaza auzoko jai handian. Freskotik esnatu da eguna, baina eguerdirako, epeldu du, eta mauka motzetan ere ikusi ditugu asko, eguzkitako betaurrekoak soinean. Ume, gazte eta heldu, jende ugari inguratu da jaira. 12:00etan meza izan dute Plaza auzokoen auzolanean erakitako ermitan, eta meza ostean, trikitilariak eta herri-kirol saioa. Ameikutz musika eskolako trikitilari gazteek girotu dute goiza, eta gogotik lan egin dute jai batzordekoek txosnan, jan-edanak zerbitzen. Aizkora jokoan, berriz, Julen Kañamares eta Aratz Mugertza aritu dira nor baino nor. 45 bat ontzako enborra nork azkarrago ebagi izan da gainditu beharreko lehen ariketa, eta nafarrak aise irabazi du. Ez dute, baina, hor amaitu eguneko lana. Ikusleen txalo hotsek eta aupadek hauspotuta gogor jardun dira bi aizkolariak. Aita izan du ondoan laguntzen Mugertzak, eta Florentino Larrañaga mendaroarra Kañamaresek. Azkenean, nafarrak irabazi du jokoa.
Aizkora erakustaldiaren ondoren, motozerra hartu eta aizkoran erabilitako enborretik lauburu bat eta aulki bat sortu ditu Kañamaresek, eta ohi legez, zozketan eman dituzte biak jai batzordekoek. Hiru sari zozkatu dituzte guztira, tabernan mokadua egin duten guztien artean. Danel Etxeberriarentzat izan da lauburua, egurrezko aulkia Ramon Lazkanorentzat eta Maite Amuategik eraman du otarra, Plaza auzoko jeneroz beteta.