Mesa 7 elkarteak antolatu du kontzertua, Mendaroko Udalaren, Gararock taldekoen eta Uztargi tabernakoen laguntzarekin. Marina Lledoz gain, beste bi musikari handi arituko dira oholtzan: Santi Greco baxu jotzailea eta Delaney Stöckli biolin jotzaileak.
Marina Lledo (Madril, 1989) abeslari eta konpositore espainiar ezaguna da, jazza eta musika brasildarra uztartzeagatik nabarmendu dena. Arturo Lledo gitarrista ezagunaren alaba da eta 2015ean argitaratu zuen bere lehen diskoa, Noche rara, zeinak Alemaniako grabazio kritikarien elkartearen saria eskuratu zuen. Talentu handiko musikaria da Lledo, ahots delikatukoa. Sona handiko nazioarteko jaialdi eta agertokietan ibilitakoa da, eta musikari aipagarriekin egin izan du lan, hala nola: Reinier Elizarde El Negrón, Georvis Pico, Pepe Rivero, Ariel Bringuez, Maureen Choi, Sebastian Merlin eta bere aita, Arturo Lledó.
Sarrerak, salgai
Kontzerturako sarrerak 15 euroan jarri dituzte eskuragai, eta Uztargi tabernan eskuratu daitezke aurrez, nahiz egunean bertan ere eskuratu ahal izango diren San Agustin aretoan. Martxoaren 20rako, berriz, Gonzalo del Valen kontzertua iragarria dute antolatzaile berberek. Taldearekin etorriko da Del Val, eta kontzertua San Agustin kulturgunean izango da, 21:30ean.