Deba, Mutriku eta herriko bertako 55 bat haur elkartu dira Mendaroko herri-kirol topaketan

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 14a

Arno guraso elkarteak antolatuta herri-kirol topaketa egin dute gaur Mendaron, eta Mutriku, Deba eta herriko bertako 55 bat haur elkartu dira.

Herriko Enparantzan egitekoa zuten topaketa, baina eguraldi txarragatik ikastolako jolastokira aldatu dute lekuz. Han, bost eremu markatu dituzte, eta eremu bakoitzean kirol bat praktikatu ahal izan dute gaztetxoek, txandaka. Txinga eroaten, zakua bizkarrean hartu eta lasterketa, harri jasotzen, lokotx biltzen eta giza proban aritu dira, taldeka. LH3tik LH6ra arteko ikasleak zeuden parte hartzera deituta, eskola kirolean izenda emandakoak, baina txikiagoentzako ere egokitu dute leku bat jolastoki txikian eta haiek ere probatu ahal izan dituzte herri-kirol ezberdinak, elkarren kontra lehenengo eta gurasoen kontra gero. Topaketa amaitzeko, LH3tik gorakoek gurasoen kontra egin dute sokatiran. Bukaeran, mokadua ere egin dute. Ogitartekoa eta fruta banatu dizkiete Arnokoek, aukeran, bai eta ura edo freskagarri bana ere; aukeran hori ere.