09:00etan hasiko dituzte Korrika txikirako girotze jarduerak ikastetxean. Korrika ofiziala ikusiko dute pantailetan, eta abestia jarri eta koreografia ere dantzatuko dute geletan. 2024ko Korrika txikiko bideoa ere jarriko diete irakasleek eskola-umeei, eta 10:00etan Trinitera igoko dira bertsoak kantatzera, joaldunen atzetik. 10:30ean, berriz, hamaiketakoa egingo dute ikastetxeko jolastokian, eta 11:00etan talde bakoitza bere lekura abiatuko dira. 11:15ean hasiko dute Korrika txikia, eta ondorengo ibilbidea osatuko dute: eskolatik hasi eta tren geltoki paretik aurrera egingo dute Garagartzara auzoraino. Handik, Moxua pareraino igoko dira, eta txaletetatik buelta eman eta udaletxe pareraino iritsiko dira. Udaletxeari buelta eman, eta farmazia paretik Coviran denda artekoa osatuko dute, eta handik, aldapan behera eginda, eskolara itzuliko dira. Bidean, eskuz esku erabiliko dute lekukoa. Maila bakoitzeko bi ordezkarik eramango dute lekukoa, eta seigarren mailakoek eramango dute pankarta.
Korrika txikia jolastokian amaituko dute, eta Txokolo ere batuko zaie eskola-umeei hara. Txokolok berak irakurriko du lekuko barruko mezua. Eguraldi txarra egingo balu, ikastolako jolastokira mugatuko lukete Korrika txikia.