Txirristaka bertsopaper lehiaketa antolatu dute Mendaroko Udalak eta In Leike kultur elkarteak

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 27a

Debabarreneko gazteen artean bertsolaritza eta bertso jarrien idazketa sustatzeko helburuarekin antolatu dute Txirristaka bertsopaper lehiaketa Mendaroko Udalak eta In Leike kultur elkarteak.

Azkeneko bi edizioetan bezala, hiru kategoria bereizi dituzte, eta kategoria bakoitzeko bina sari banatuko dituzte. Maiatzaren 22ra arteko epea dago bertsopaperak aurkezteko, eta bi bide zehaztu dituzte horretarako: Mendaroko Udaleko webgunean argitaratutako galdetegia beteta –mendaro.eus– edota postaz helbide honetara bidalita lanak: Mendaroko Udala. Herriko Enparantza 1, Garagartza, 20850, Mendaro. Epaimahaia hiru bertsolarik osatuko dute, Amaia Agirrek, Mikel Arrillagak eta Irune Basagoitik, eta sari banaketa ekitaldia ekainaren 19an egingo dute, udaletxean.

A kategoria

Debabarreneko egileek bakarrik parte hartu ahal izango dute kategoria horretan, 2012an edo ondoren jaiotakoek, eta gutxienez bi bertso eta gehienez lau aurkeztu beharko dituzte. A kategoriarako bi sari daude aurreikusita: 100 euroko kultura-bonua irabazlearentzat eta 50 euroko kultura-bonua bigarrenarentzat.

B kategoria

Euskal Herri osoko egileek parte hartu ahal izango dute kategoria horretan, betiere 2008 eta 2011. urteen artean jaiotakoak baldin badira –biak barne–. Adin tarte horretakoek gutxienez lau bertso sortu beharko dituzte, eta gehienez zortzi. 200 euroko txekea irabaziko du txapeldunak eta 150 eurokoa txapeldunordeak.

C kategoria. Kategoria nagusia.

Euskal Herri osoko egileek parte hartu ahal izango dute, 2007an edo lehenago jaiotakoek. Gutxienez zortzi bertso osatu beharko dituzte, eta gehienez hamabi, eta bertsoek nolabaiteko batasun bat izan beharko dute elkarren artean. C kategorian ere bi sari banatuko dituzte: 1.000 euroko saria izango du irabazleak eta 500 eurokoa txapeldunordeak. Dirutan emango dituzten sariei PFEZari dagokion atxikipena aplikatuko diete. 

Aurkeztutako lan guztiek gai eta neurri librea izango dute, euskaraz idatzita egon beharko dute, eta jatorrizkoak eta beste inon argitaratu gabeak izan beharko dute. Antolatzaileek nabarmendu dute ezinbestekoa izango dela doinua zehaztea, eta lanek ezinbestean bete beharko dituztela oinarrizko kalitate irizpideak. Kategoria guztietan sariren bat banatu gabe laga ahal izango du epaimahaiak, lanek behar adinako kalitaterik ez dutela uste badu.