Kirol Herri banakako aizkora eta harri jasotze txapelketetako finalak jokatuko dituzte zapatuan (martxoak 28), Azpeitian, 19:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Atzo aurkeztu zuten finala Azpeitian.
Finalean lehiatuko diren aizkolariak honako hauek izango dira: Julen Alberdi Txikia IV.a, Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta gizonetan, eta emakumeetan Nerea Arruti, Oihana Fernandez Barrena eta Uxue Ansorregi. Azken honek Oñatin jokatu zuten hirugarren jardunaldian eskuratu zuen finalerako sailkatzea.
Harri jasotzaileak, berriz, honako hauek izango dira: Malen Morandeira, Ainitze Zumeta eta Ane Antxutegi emakumeetan, eta gizonetan, Mikel Lopetegi Urra, Gari Garmendia eta Beñat Telleria.
Ikuspegi "berritzailea" duen txapelketa
Zarauzko Sustraia Kirol Ekitaldiak elkarte sortu berriak antolatu du lehiaketa. Iaz jokatu zuten estreinako edizioa eta bigarrengoa dute aurtengoa. Kirol Herri txapelketarekin "parekidetasuna, ikusgarritasuna eta goi mailako kirola" sustatu nahi dituztela adierazi dute antolatzaileek, "ikuspegi berritzaile batetik abiatuta". Izan ere euskal identitatea oinarri hartuta, herri kirolek orain arte izan duten formatuari buelta bat eman eta ikusleria gazteagoarengana ailegatzea gustatuko litzaieke elkarteko sortzaile Julen Aizpitarte eta Xabat Olaizola zarauztarrei. Horretarako, saioak ohi baino motzagoak dira, esprint estilokoak.
