24. Korrika

Euskararen aldeko aldarria kalera atera dute Mendaroko eskola-umeek

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 27a

Korrikari eskainitako goiz bete-betea izan dute gaur Mendaroko eskolako umeek. Pantaila handietan Korrika zuzenean ikusten hasi dute eguna, eta berotze jarduerak egin ondoren, kalera irten dira Korrika Txikia egitera. 

Petoak margotzen harrapatu ditugu goizean goiz eskola-umeak geletan, pantaila handietan Korrikaren zuzeneko irudia jarrita. Lekukoak ere gertu zituzten apaletan txikienek, eta LH4koak koreografia entseatzen ibili dira irakaslearekin. Aparteko gela batean, guraso talde bat joaldun janzten ari zen. Garbiñe Fernandez de Arroiabe zuzendariak ekarri ditu propio  jantziak Lekeitiotik, eta bera ari zen gurasoei joareak lotzen ere, eskarmentudun bakarrra bera zelako izan ere gaur. Estreinako aldia zuten gainerakoek eta nabari zen urduritasuna haien aurpegi eta ibileretan, bai eta poza eta ilusioa ere.

10:30ak alderako Trinitatera igotzekoak ziren guztiak, eta euri langarra ari zuen 10:00etan, baina, hala ere, Korrika Txikiari eustea erabaki dute, eguraldi iragarpenak atertzera egingo zuela zioen-eta. Eta halaxe abiatu dira denak joaldunen atzetik ikastolatik Trinitatera, kalejiran. Han, baselizako arkupera egin dute LH5 eta LH6ko ikasleek, eta zelaian jarri dira borobilean gainerako ikasleak. Joaldunek hasi dute Trinitateko ikuskizuna, eta bertsotan egin dute gero ikastolako nagusienek. Trinitateko jaialdiaren ondoren, ikastetxera jaitsi dira berriro guztiak, indarrak hartzera. Mokadu txiki bat egin, eta abiatu dira gero ikasleak Korrika Txikirako lekuak hartzera, mailaka.

Eta 11:00ak pasatxoan hasi dute Korrika Txikia joaldunek eta LH6ko ikasleek, ikastetxe paretik. Trenbide kaletik Garagartzara egin dute haurrek eta irakasleek, eta handik Moxuaneko aurreraino igo eta, txaleten paretik, Herriko Enparantzaraino etorri dira. Bidean, eskuz esku erabili dute lekukoa. Maila bakoitzeko bina ikaslek izan dute gaur ohore hori. Guraso eta aiton-amonak zain-zain zituzten plazan, eskuko telefonoak hartuta, momentua argazkietan eta bideoan jasotzeko. Herriko Enparantzatik itzulia egin ondoren, ikastola pare horretan hartu dute lekukoa 4 urtekoek eta eman diete gero ikastolako arranpan zain-zain zituzten 3 urtekoei. 2 urtekoek, ikastolako txikienek, jolastokian hartu dute lekukoa. Hara batu da Txokolo ere, eta haren izenean Amets Arrieta LH6ko ikasleak irakurri du mezua.