Zapatu betea izango dute datorren hau Mendaron. Kilimon Trail mendi lasterketa eta eskolarteko txirrindularitza lasterketek beteko dute eguna, eta gauean, beste herri askotan moduan, elkarte eta tabernetara batuko da jende asko Realak Sevillan jokatzekoa duen Espainiako Errege Kopako finala ikustera. Baina Udalak beste aukera bat ere emango die herritarrei partidua elkarrekin ikusteko. Izan ere, iragarri berri du pantaila handia jarriko duela udaletxeko atarian gaztetxoenek ere elkarrekin goza dezaten partiduaz. Argazkia: Realak Erreginaren Kopa jokatu zuen egunekoa.