Euskal Herria jaiak enpresak antolatu duen bi planetako batera batu dira, eta autobusean egongo dira une honetan, Euskal Herriko beste herri batzuetako dozenaka realzalerekin batera. Herriko gazteagoen bidez jakin zuten enpresa hori autobusak antolatzekoa zela finalerako, eta haiekin harremanetan jarri ziren.
Bi plan zituzten aukeran: bata, ostiral gauez irten eta partida amaitzeaz batera itzultzea, eta bestea, aukeratu duten hau: ostiral goizean irten, bi gau etxetik eramandako dendetan igaro kanpin batean eta domeka eguerdian hartzea itzulerako autobusa. Bigarrenaren alde egin zuten. 210 euro ordaindu ditu bakoitzak, eta zerbitzuaren barruan sartzen zaie kanpinetik Sevillarako joan-etorria autobusez egitea ere, 30 bat minutuko bidea. "Modu onean" lortu dute bidaia antolatzea. Sarrera eta guzti doaz Sevillara, bakoitzak 140 euro ordainduta partida zuzenean ikusi ahal izateko. Realak egindako zozketan egokitu zitzaizkien sarrerak. Hiru dira izatez Realeko bazkide, baina bosteko taldean eman zuten zozketarako izena, beste bi bazkideren txartelak erabilita, eta denei egokitu zitzaien saria. Aurrenekoetan sartu ziren, gainera, eta horri esker sarrera aukeratu ahal izan dute. "Baztertu egin ditugu merkeenak, ikuspen gutxiko lekurako zirelako, eta, azkenean, 140 bat eurokoak erosi ditugu. Finalerako sailkatu ginen momentuan bertan erabaki genuen Sevillan egon beharra geneukala bihar, 2021ean pandemiak behar bezala ospatzea eragotzi zigun Kopako ahozapore gazia kentzeko". Oraingoan ere badu, baina, gazitik egunak; Urainentzat, bederen. "Mendaron Kilimon Trail mendi lasterketa jokatuko da bihar, eta ni izena emanda nengoen lasterketa luzerako. Sasoi onean nago, ondo entrenatuta nengoen, eta bete-betean egun berean tokatu behar finala! Baina historikoa izango da oraingo hau, eta realzaleak izanda ezin genuen hutsik egin".