Ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko inkesta zabaldu du UEMAk Mendaroko eskolan

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 8a

Haur eta gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa eta hizkuntza-ohiturak aztertzeko inkesta zabaldu du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAko herrietako ikastetxeetan, tartean Mendaroko eskolan. Ikasleek telebistan, plataformetan, sare sozialetan, musikan eta bideo-jokoetan zer kontsumitzen duten jakin nahi dute, bereziki hizkuntzaren ikuspegitik.

Ikus-entzunezkoen esparruan euskarak duen presentzia apalak kezka sortu du azken urteotan, eta horri erantzuteko, gaztetxoen kontsumoa sakon aztertzeko lehen ikerketa egin zuen UEMAk 2021ean. Orain, bost urte geroago eta sektorean izandako aldaketak kontuan hartuta, bigarren inkesta bat diseinatu eta zabaldu du, egoeraren bilakaera neurtzeko.

Inkesta LH4tik Batxilergoko 2. mailara arteko ikasleei zuzenduta dago, eta online bidez beteko dute ikastetxeen laguntzarekin. Minutu gutxitan osatzeko galdetegia izango dela zehaztu dute sustatzaileek, eta parte hartzeko epea maiatzaren 15era arte egongo dela zabalik.

Aurten, berrikuntza nagusi gisa, ikus-entzunezko kontsumoaren datuak ikasleen hizkuntza-ohiturekin lotu nahi dituzte. Horretarako, ikasleen eguneroko erabilerari buruz ere galdetuko dute, etxean, ikastetxean eta lagunartean zer hizkuntza erabiltzen duten jakiteko.

Bildutako informazioarekin hiru txosten mota osatuko dituzte gero: ikastetxe bakoitzarentzako txosten espezifikoa, udal mailako txostena eta ondoren publiko egingo den txosten orokorra. UEMAk azpimarratu du inkesta anonimoa izango dela eta datuak  azterketa estatistikorako bakarrik erabiliko dituztela.

UEMA sinistuta dago ikerketaren emaitzek balio handia izango dutela, bai ikastetxeentzat, bai udalentzat, "gazteen kontsumo-ohiturak hobeto ulertu eta euskararen sustapenerako estrategia eraginkorragoak diseinatzeko".