Zinegoak jaialdiaren barruan, 100 lan baino gehiago taularatzen edo proiektatzen dira urtero; gehienak, nazioarteko jaialdietan saritutakoak. Sei film emango dituzte Mendaron, jatorrizko bertsioan, azpitituluekin.
The Wind in Ash: Hileta baterako jaioterrira itzuliko den queer neska baten inguruko istorioa da, Kun Sun zinemagile txinatarrak zuzendutakoa. Autoezagutzarako bidea izango du itzulerakoa neskak, eta amari buruz daukan pertzepzioa ere aldatuko zaio.
Delay: Seme heterosexualaren ezkontzara Txinatik Parisera abiatuko den aita gay batek egiteko asmoa duen bidaia kontatzen du filmak. Asko uste barik, bidaia atzeratu beharra izango du aitak. Wang Han-Xuan zinemagilearen lana da.
Ferides: Alba Cros Pellise zinemagile katalanaren lana da Ferides. Sao eta Juliana dira protagonistak, eta elkartuko diren estreinako aldian zentratzen da filma. Zaurgarritasuna eta sedukzioa elkarrekin nahasiz, bide emango diote etorkizun esperantzagarri bati, dio sinopsiak.
This feminine side: Alice Siniscalchi portugaldarren filma da, feminitateari buruzkoa. Lisboako queer ahotsak eta multimedia artea nahasten ditu.
Seuls les poissons morts suivent le courant: Frantziako film bat da, Christophe Gomesena. Mutiko jaio arren neskato sentitzen den 6 urteko ume baten gorabeherak kontatzen ditu. Inauterietan printzesaz mozorrotuta joango da eskolara, eta zuzendariak amari deituko dio, zer den ziurtatzeko.
Ultramarino: Maren Zubeldiak eta Silvina Guglielmottik zuzendutako lana da, euskarazko filma, herriko jaietan girotua. Zazu nortasunaren bila dabil, nerabezaroan atarian, eta bidegurutze batean egongo da bere burua jaietan: hain zuzen, aukeratu egin beharko du tradizioz zehaztutako rola bete edo barruak agintzen dionari jarraitu.