Soinu eta argi bidezko sistema  automatikoa jarriko dute Mendaron Santa Anako trenbide-pasagunean

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 15a

Euskal Trenbide Sarearen aurreikuspenak betetzen badira, irailerako bukatuta izango dituzte lanak. 

Santa Anarako trenbide-pasagunea seguruago egiteko eskaera aspaldikoa du Mendaroko Udalak. Izan ere, ikuspegia oso mugatua da inguru hartan, bihurgunearen ondorioz. Hala, Santa Ana ermitaren eta ondoko aisialdi-gunearen hurbiltasunagatik, batetik, eta inguruko baserrietarako joan-etorriengatik, bestetik, leku arriskutsua izan da beti oinezkoentzat eta ibilgailuentzat. Are arriskutsuagoa udan, trenen maiztasuna handitzen denean. Bada, Udalaren eskariz, ETS Euskal Trenbide Sareak A2 klaseko bidegurutze gisa katalogatu du orain, gune haren arriskuaren balorazioa egin ondotik. Ondorioz, klase horretako trenbide-pasabideei ezartzen zaizkien babes-neurriak ezarriko dizkiote. Hau da, seinale finkoak jarriko dituzte, bai eta argi eta soinu bidezko seinale automatikoak ere, oinezkoei zein gidariei trena hurbiltzen ari dela ohartarazteko. ETSren aurreikuspenak betetzen badira, irailerako bukatuta izango dituzte lan horiek.