"Zuen lanak webgunearen bidez jasotzeko arazo informatikoak ditugu. Konpontzen saiatu bagara ere, oraingoz ezin izan dugu. Hortaz, zuen lanak bidaltzeko bi bide proposatu nahi dizkizuegu", zabaldu dute Udaletik. Honakoak dira bi bide horiek:
E-POSTAZ:
Kultura@mendaro.eus helbidera bidali behar dira bertsopaperak. Horretarako arauak ondorengo hauek dira.
Bi dokumentu egin behar dira eta biak email berdinean bidali. Dokumentu batean, lanaren izenburua (bertsopaperaren izenburua) eta lana bera bidali behar dira. Bigarren dokumentuan, honako datu hauek zehaztu beharko dira:
- Kategoria
- Lanaren izenburua eta doinua
- Egilearen datuak: Izena eta bi abizen
- Jaiotze-data
- Helbidea
- Telefonoa eta helbide elektronikoa
POSTA ARRUNTEZ
Oinarrietan jasotzen den bezala, gutun-azalaren kanpoko aldean, honako informazio hau zehaztu behar da.
- Txirristaka saria
- Kategoria (dagokion kategoria adierazi)
- Lanaren izenburua (bertsopaperaren izenburua adierazi)
Gutun-azal horren barruan, batetik bertso papera bera sartu behar da, izenburua eta doinua adierazita, beste daturik gabe. Bestetik, beste gutun-azal bat sartuko da, itxita eta kanpo aldean bertso paperaren izenburua idatzita eramango duena, eta horren barruan, orri bat, egilearen datu hauek adierazita: izena eta bi abizen, jaiotze-data, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa. Udaletik ohartarazi dute, lanen batean egilearen datuak behar bezala ematen ez baldin badira, ez dutela lan hori lehiaketarako onartuko.