Sexu eta genero identitateagatik ezin dela inor baztertu gogorarazi dute Mendaroko eskola-umeek

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 18a

Homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, maiatzaren 17a, eta gaur, astelehena, plazara irten dira Mendaroko eskola-umeak gurea askotariko gizartea dela gogoraraztera, eta inor ezin dela baztertu esatera.

10:30erako jarria zuten hitzordua plazan. Mendaro eskolako maila bakoitzeko bina ume udaletxeko balkoira igo dira, eta alkatearen bulegoko balkoitik adierazpen bat irakurri dute, zatika-zatika. Umeek nabarmendu dute denok garela desberdinak eta desberdintasun horiek aberasten gaituztela, eta horrenbestez, denok merezi dugula errespetua. Pertsonon arteko harremanak errespetuan oinarritu behar direla gogorarazi dute haurrek eta azpimarratu ez dutela onartzen inor baztertzea bere izateko moduagatik. Hala, elkar zaintzeko dei egin dute. "Lagunak babestea eta elkarri laguntzea da gure indargunerik handiena", azpimarratu dute, eta gehitu: "Pertsona bakoitzak aske izateko eta bere burua aske adierazteko eskubidea du". Aniztasunaren aldeko mezua izan da udaletxeko balkoitik zabaldu dutena, eta txikienen oihu batekin amaitu dute: "Denok gara ezberdinak, eta denok gara politak". Manifestua irakurri ondoren, ostadarraren bandera osatu dute lurrean eserita, eta dantzarako tartea hartu dute gero.