Familia euskaldunei zuzenduta dago lehenengo formazioa eta euskaraz ez dakiten gurasoei zuzenduta bigarrena. Baterako zein besterako izena eman behar da, eta gogorarazi dute gaur dela horretarako azken eguna: maiatzak 25. Izena eman nahi duenak eskolarekin jarri behar du harremanetan, 943 75 61 41 telefono zenbakira deituta edota posta@mendaroikastola.net helbidera idatzita. Bi saioak ikastetxean egingo dituzte, 17:30etik 19:00etara.
MAIATZAK 27: 'Nola eragin haurren hizkuntza-ohituretan?'
Antolatzaileek azaldu dutenez, gaur egungo haur eta gazteak gero eta errealitate askotarikoagoetan bizi dira, eta, horregatik, hizkuntza-aniztasunarekiko jarrera positiboa sustatzea ezinbestekoa da. Aldi berean, udalerri euskaldun bateko ikasle izanik, euskararen erabilera zabala eta askotarikoa izatea ere helburu garrantzitsua dela nabarmendu dute.
Testuinguru horretan, azpimarratu dute eskolak ahalegin handia egiten duen arren, haren lana ez dela nahikoa haur eta gazteen hizkuntza-hautuetan eragiteko, familien jokabideek, ohiturek eta transmititzen dituzten mezuek eragin zuzena baitute seme-alaben hizkuntza-ohituretan. Saioaren helburua, beraz, honako hau izango da: familiek hizkuntza-hautuetan duten paperaren inguruan hausnartzea eta hainbat galderari erantzunak bilatzea: zein da euskararen egoera gaur egun gure inguruan, zer faktorek eragiten dute haur eta gazteen hizkuntza-hautuetan, nola eragin dezakete familiek hautu horietan eta zer baliabide dituzten eskura.
MAIATZAK 28: ¿Cómo podemos ayudar a nuestros hijos e hijas?”
Mendaro udalerri euskalduna da, eta euskaraz ematen dituzte eskolak ikastolan. Gero eta gehiago dira, baina, beste herrialde batzuetatik euskararik gabe iristen direnak herrira, eta haien lehen harrera horretan nola lagundu aztertuko dute. Euskara jakin ez arren, guraso horiek euskararekiko atxikimendua zabaltzen lagun dezaketela gogoraraziko dute lan-saioan, eta horretan lagunduko diete, haien seme-alabentzako positiboa izango den uste sendoarekin.