Herrira bizitzera datozen pertsonei harrera hobea egin eta orientazioa eskaintzeko diseinatu dute harrera protokoloa, "kanpotik herrira datozenei herria hobeto ezagutzeko aukera eman eta bertan integratzeko beharrezko baliabideak emateko".
Protokolo hori bi fasetan garatu dute: lehenengo fasea iazko ekainean amaitu zuten, harrera instituzionala landuta. Fase horretan, udal-langileek prestakuntza-saioak jaso zituzten eta baliabideen gida bat ere sortu zuten, ongietorri instituzionalari forma emateko. Bigarren fase batean, iazko irailera bitartekoan, harrera integrala landu zuten. Fase horretan herriko elkarte eta eragileekin harremanak sendotzeko bidea landu zuen Udalak. Herriko eragileak proiektuan parte-hartzera animatu nahi zituzten, haien laguntzarekin bizilagun berrientzako babes-sarea osatzeko eta herria kohesionatzeko.
Eta proiektu horren baitan antolatu dute biharko ongietorri saio integrala, herriko eragileekin batera gauzatuko dutena. 18:00etan izango da saioa, udaletxean. Aurrerantzean sei hilean behin egin asmo dituzte biharkoa moduko saioak. Parte hartu nahi duenarentzat bi bide zehaztu dituzte harremanetarako: telefonoa (943 03 32 82) eta e-posta (gizartekintza@mendaro.eus).