Santanetarako banderatxoak josteko ekimenean parte hartu dute Mendaroko eskola-umeek

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 17a

Santa Ana jaietan kaleak apaintzeko telazko banderatxoak josten aritu dira martxoaz geroztik In Leike kultur elkartearen aterkipean sortutako Josi ta Josi taldekoak, eta gaur, herriko eskolako 5. eta 6. mailako ikasleen laguntza izan dute.

Erronka handia jarri zioten beren buruari: 5.000 bat banderatxo sortzea santanetarako. Ehun guztiek, baina, ez dute jauskera bera izaten, eta, apaingarriek gorputz bat izatea komeni denez, doblean josten jardun dira. Beraz, 5.000 barik, 10.000 ziren gutxienez moztu beharreko oihal zatiak, binaka-binaka josteko. Helburua bete dute, baina hala ere, lanean jarraitzen dute, halakoetan gehiago beti delako justukoa baino hobea, eta gaur, Mendaro ikastolako ikasleen laguntza izan dute.

Trinitatera igo dira 5 eta 6 mailako ikasleak eta haien irakasleak, eta han aritu dira ikastetxean pilatutako oihalak mozten eta josten, Josi ta Josikoen laguntzarekin. "Gure herriko gaztetxoak ekimen honen parte senti daitezen antolatu dugu ekimena, harro senti daitezen jaietan gora begiratzean.

In Leiketik eskerrak eman nahi dizkiegu Josi ta Josiko lagunei egindako lan guztiagatik, bai eta ikastolako zuzendaritzakideei eta irakasle talde osoari hasiera-hasieratik agertu duten prestasunagatik", zabaldu du In Leike kultur elkarteak bere sareetan. Arg: Dorleta Lazarobaster.