Iosu Juaristik eta Aner Buenok amaitu dute Pirinioak airez zeharkatzeko X-Pyr lasterketa

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 26a

Igandean abiatu zuten abentura Hondarribiko hondartzan, eta, atzo, 18:00 aldera, iritsi ziren helmugara, El Port de la Selvara (katalunia). Sailkapen nagusian 23. sailkatu dira. Lasterketa, berriz, Christian Maurer pilotu suitzarrak eta Ramon Krebsek osatutako bikoteak irabazi du, ibilbidea 79 bat orduan osatuta.

Joan zen lrunbatean proba abiatu aurretik egindako elkarrizketan, hala zioen Iosu Juaristik: "Zuek argitaratzeko, ondo bidean, helmugara arrimatzear izango gara". Halako proba handietan helburua iristea izan ohi da beti, minik hartu gabe iristea, eta beren buruari helburu horixe jarrita abiatu ziren gure bi lagunak ere, baina Juaristik aitortu zuen erronkazaleak direla eta lasterketara lehiatzera zihoazela. "Parapentean gozatzeko egun asko daude urtean, baina gu lehiatzera gatoz. Ahal den azkarren Port de la Selvara iritsi eta Mediterraneoan bainua hartzea da helburua", zioen gaur BARRENAren paperezko edizioan argitaratu dugun elkarrizketan ere.

Alpeetako Red Bull X Aps munduko lasterketarik entzutetsuenaren eredura sortutako lasterketa da X-Pyr; etxeko lasterketa, Euskal Herriko parapentelarientzat. Lerro zuzenean, 529 kilometroko ibilbidea dago Hondarribia eta El Port de la Selva artean, eta bide hori da parapentean -eta ezin zenean, oinez- osatu behar zutena. Aurtengoan, lau euskal herritarrek parte hartu dute, eta horietako bi izan dira Iosu Juaristi elgoibartarra eta Aner Bueno azpeitiarra. Pilotu lanak egin ditu Buenok - suhiltzailea da ofizioz-, eta haren aholkulari lanetan jardun da Juaristi. Pilotu lagunarentzako ibilbide egokiak topatu, egoera bakoitzerako egokiak izan zitezkeen gomendioak eman, baldintza metereologikoei erreparatu eta haiei buruz ohartarazi, aurretik zihoazenen estrategiak zaindu... izan ditu bere egitekoen artean elgoibartarrak, eta bistan da, talde ona osatu dutela. 104 ordu 21 minutu eta 10 segunduko denbora behar izan dute lasterketa amaitzeko. Lasterketa amaitzeko epe-muga bat ezarria dute antolatzaileek: gaur, ostirala, 18:00etan. 

Lasterketan binaka parte hartzen dute, baina laguntzaileak ere izan dituzte. Juaristik berak azaldu zuen lan handia dela aholkulari bakarrarentzako eta galako taldea osatua zuela lasterketarako. Mikel Luengo azpeitiarrak egin ditu gidari lanak abenturan zehar. Berak gidatu du autokarabana eta gertatu dizkie otorduak. Enaitz Eizagirre parapentelari azkoitiarrak, bestalde, aireratzeko orduan behar zuen laguntza eman dio Buenori, bai eta behar zenean motxilatik pisua kendu ere. Maite Maiora mendaroarra izan da taldeko bosgarren kidea. Hankak arinak izan hark, eta oinez iritsi beharreko lekuetara ura eta behar zituenak azkar baten gerturatu dizkio hark pilotuari.

Sailkapen nagusia

Christian Maurer eta Ramon Krebs suitzarrek irabazi dute lasterketa. Bigarren, berriz, Markus Anders eta Florian Schmid alemaniarrak sailkatu dira eta Lars Meerstetter eta Christof Graber bikote suitzarrak osatu dute podiuma. Lasterketan parte hartu duten beste bi euskal herritarrak -Mattin Iñiguez eta Nerea Beltran de Heredia- 21. postuan sailkatu dira.