Barikuan, 18:00etan hasiko dute jaialdia eta zapatuko zazpirak arte arituko dira musika jartzaileak Ospas-gainen. Zapatuan,berriz, 16:00etatik biharamuneko 08:00ak arte iraungo du jaialdiak, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Interneten. Bi egunerako sarrerak 60 euroan jarri dituzte salgai, baina bakarka ere erosi ahal izango dira: barikukoa 30 euroan, eta zapatukoa, 35 euroan.
11 disko jartzaile arituko dira guztira, nazioartekoak tartean. Honako hauek: Nikolas, Lutz, Ivan Smagghe, S.O.N.S, Javier Carballo, Kinetic, Ildec, Arista, Borja S., Koldo Intermusic eta Hugo, eta antolatzaileek aurreratu dute foodtruck bat ere izango dela Ospas Gainen, jan-edanak ziurtatzeko. Azpilgoetan dago Ospas-gain, gain batean, eta jaialdira joan-etorriak egiteko garraio zerbitzua ere jarriko dute antolatzaileek, aurreko urteetan moduan. Tren estazio ondotik irtengo dira furgonetak, bete ahala.
Aitor Etxeberria margolari eta eskulturagilearen margolanen proiekzioa
Aurten, nobedade gisa, Aitor Etxeberria margolari eta eskulturagile mendaroarraren obraren zati bat ere proiektatuko dute Ospas-gainen. Artistak berak zehaztu duenez azken bost urte inguruan egindako margoei egindako argazkiak dira jaialdirako aukeratu dituenak.