Frontenis txapelketako finalistak zehazteko partida erabakigarriak jokatuko dituzte gaur eta bihar Mendaron

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 1a

Azken txanpan sartu da Mendaron Gazte Asanbladak antolatutako frontenis txapelketa. Finalaurrekoak jokatuko dituzte gaur eta bihar, eta zehaztuta geldituko dira zeintzuk lau bikotek jokatuko dituzten bi finalak, emakumezkoena eta gizonezkoena.

Partida erabakigarriak dira gaur eta bihar -uztailak 1 eta 2- Mendaron jokatuko dituztenak. Bi partida jokatuko dituzte gaur, asteazkena, biak ere emakumezkoenak. 18:00etan hasiko da jaialdia, eta lehenengo partidan Ane Landak eta Naroa Zubiak Irantzu Agirregabiria eta Ainara Txurruka -Iraide Agirretxearen ordezkoa- izango dituzte aurkari. Bigarren partidan, berriz, Nerea Bastida eta Leire Alberdik osatutako bikoteak Irati Mendikute eta Josune Mantecak osatutakoa izango du aurrez aurre.

Bihar, osteguna, berriz, gizonezkoen finalaurrekoak jokatuko dituzte, 18:00etan hasita. Julen Perez-Cortes eta Ibon Larrea elgoibartarrak Julen Iriondo eta Julen Dobarroren kontra arituko dira nor baino nor lehenengo partidan, eta bigarren partidan Axular Agirregabiria eta Ander Aberasturik Beñat Fernandez eta Unai Ayala izango dituzte aurkari. Luken Agirregabiria izan da txapelketa osoan Fernandezen bikotekidea, baina lesioa izan du, eta haren ordez jokatuko du Unai Ayalak.

Finala uztailaren 23an jokatuko dute, Santa Ana jaien testuinguruan.