Ikusmin handia sortu du Iago magoaren ikuskizunak Mendaron

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 1a

Plaza bete lagun, atzoko ikuskizunean. Arg.: Ekhi Zubiaurre

Ume eta nagusi, jende multzo handia batu zen atzo Mendarozabalen Iago magoaren (Azpeitia, 2003) magia ikuskizunaz gozatzeko. Gazte Asanbladakoek antolatu zuten saioa, udako programaren barruan. 

Udako eskaintzako ekintzak herriko puntu ezberdinetara zabaldu dituzte aurten Gazte Asanbladakoek, bai eta adin ezberdinetako jendeari ere. Atzorako propio egin zuten deialdia herriko haur eta gaztetxoen artean, eta erantzun zuten haiek. Mendarozabalen aritu zen Iago magoa, eta inguru guztian izan zuen jendea, atze nahiz aurre. Olana bat zabaldu zuten asanbladakideek lurrean eta hantxe eserita jarraitu zuten saioa herritar askok, horretarako aukera eman baitzuen eguraldiak. Magoak, ohi legez, laguntzaileak ere aukeratu zituen publikoaren artetik zenbait magia joko egiteko, eta aho zabalik utzi zituen denak, bai bere magia ondo-ondotik ikusi zutenak zein besteak.